Alperrik da Gorbeiara iristeko zailtasunak dituen hiztun-elkarte bati goragoko gailurrak proposatzea; antzua den bezala, pausoari eusteko lanak dituenari bizkortu dezan eskatzea; geure buruaren kaltetan ari gara, hizkuntza biziberritzeari mesede eskasa egiten ari gatzaizkio gu bezala pentsatzen ez dutenak, hartutako zenbait erabakirekin bat ez datozen elkarteak, sindikatuak edo norbanakoak euskararen etsaitzat hartzen ditugunean… Eta are mesede eskasagoa, adierazpen askatasunaren peskizan, denona izan beharko lukeen ekimena alderdikeriaz darabilgunean edota harira ez datozen aldarrikapenekin eta ikurrekin lotzeko ahaleginak egiten ditugunean. 

Kontua da askotarikoa den ekimen batean parte hartu nahi den, helburuak partekatzen diren edo ekimen jakin bat, Korrika kasu, beste zernahirako, hainbatetan, batzen ez gaituzten kontuetarako baliatu nahi den. Azkenak eroaten dituelako, gero eta maizago, ez euskararen kontra ustez daudenak are atzerago, ezpada, euskararen alde azaltzen den jende ugari ere bai. Halakoetan ezin da beste aldera begira jarri eta jazotzen dena kontrolaezina dela adierazi, egiten dena baino are gehiago egitea badagoelako, nahi izatea da kontua! Bai antolatzaileen, bai eta parte hartzen duten batzuen aldetik ere!

Akaso basamortuan isurtzen den ur tanta izango da nirea! Baina… seguru gaude herri erakundeetako deialdietan hizkuntza-eskakizunen eta derrigortasun-indizeen kontua ondo aplikatzen gabiltzala? Nago, gaia ganoraz trenkatzeko ondo etorriko litzaigukeela halako pausaldi, su-eten moduko bat, adierazpenetan, jarreretan, gizartean gaindiezinak bilaka daitezkeen etenak ereiten jarraitu aurretik!

Gorbeiako metaforara bueltatuta, badira pentsatzen dutenak gorago eta bizkorrago ez iristearen atzean, nagusiki, euskararen kontra edo epel antzean ari direnen errua dela. Nago, daudekeen zailtasunak gutxietsi gabe, gizartean ere baditugula mentsak, gero eta ugariagoak eta horiexek behar ditugula ondo irakurri, behintzat, errealismo puntu batetik hizkuntzaren biziberritzeari bultzada berri bat eman nahi badiogu. Ez dugu zubirik, adostasunik bilatu beharrik ustez konbentzituta daudenekin. Ariketa, niretzat hil hala bizikoa, are zailagoa da, desberdin pentsatzen dutenekin bilatu behar ditugu adostasunak, betorik gabe, aurreiritzirik gabe, gaindiezinak diren mugak ezarri gabe, konbentzimenduaren eta pertsuasioaren bidetik.