BILBO. Euskariansek eta Uruguaik lagunarteko errugbi partida jokatuko dute igande honetan, irailaren 6an, Fadurako instalazioetan, Getxon, talde hegoamerikarra Munduko Kopa prestatzen herri bizkaitarrean dagoela aprobetxatuta.
Munduko Kopa irailaren 18an hasiko da Londresen, eta Uruguaiko selekzioa Fadurako instalazioetan dago bilduta, eta handik Ingalaterrara joango da hilaren 13an, Getxoko Udalak prentsa ohar bidez jakinarazi duenez.
Bere prestaketaren barruan, igandean, Uruguaik lagunarteko partida jokatuko du Euskariansen aurka. Partida arratsaldeko 17:00etan hasiko da, Faduran, eta sarrerak bost euro balio du 18 urtetik gorakoentzat; adingabeentzat sarrera dohainik izango da.