Euskal kulturaren oholtzan, herriko plazan, kaka mokordo bat agertu da. Irudi sinplea eta barregarria, baina tabu eta deserosotasunez beterikoa. Albiste txarra garbitu behar duenarentzat, baina sorkuntzaiturri oparoa istorio egileentzat. Hortik abiatu dira Erika Olaizola eta Xanti Agirrezabala Kaka antzezlana sortzera: umorea erabilita, ezkutatu ohi diren lotsak eta garbitu gabeko kontuak agerian jartzen dituen pieza probokatzailea eraiki dute.
Eta, kakarik ez dagoen gizarte perfektu antolatu batean kokatu dute istorioa. Bai, ze mendeak dira munduan kakarik ez dagoela. Gizakiek ipurdia dute, baina ez ipurtzuloa. Hala ere, mokordoa agertu da plazan, eta misterioa argitu behar da. Nork egin du? Zer irudikatzen du? Zer egin behar da? Noren ardura da? Nori dagokio hori argitzea? Eta garbitzea?
Hortik abiatzen da komedia, eta kaka misteriotsu horrek, kuriosoa bada ere, herriko plazako harreman korapilatsuak garbitu baino gehiago nahastuko ditu. Kakak kaka dakarrelako. “Norbanako, kolektibo edo herri gisa batzen gaituen, baina ezkutatzen dugun horren guztia azaleratzeko festa da Kaka. Hain tabua den gai hori ai-tzakiatzat hartuta, beste hainbat tabu eta konplexuz hitz egiten duen antzezlana da”, azaldu du obraren sortzaileetako bat den Xanti Agirrezabalek.
Bi urtetako lanaren emaitza da obra. “Irudi sinplea da, baina hortik abiatuta sortu dugu”, dio. Kontua erraza edo konplikaziorik gabekoa den arren, “konplexutasunez” jantzi dute, ezkutuan dagoena azaleratu eta deseroso sentiarazten duen hori disimulorik barik esan nahi baitute. “Denok elkartzen gaituen hori da abiapuntua, beste hainbat mugarri jarrita: herriko plazan jarri dugu kaka, zeinetan hurrengo egunean ekitaldi instituzional oso garrantzitsu bat espero den”, kokatu du istorioa sortzaileak.
Hala, idatzitako istorioari ahotsa, aurpegia, forma eta esentzia jarriko diote lau aktorek: Olaizolaz eta Agirrezabalaz gain, Ainhoa Aierbe eta Mikel Laskurain dira oholtzara igotzen direnak, eta pertsonaien arteko harremanen endredoan sakonduko dute. Izan ere, herrian esanguratsuak diren pertsonaiak interpretatzen dituzte: herriko alkatea da Laskurain, eta alkatearen laguntzailea Agirrezabal; antropologoa, berriz, Aierbe da, eta ertzaina dela onartu nahi ez duen departamentu zientifikoko polizia irudikatuko du Olaizolak.
“Abiapuntua bitxia den arren, formatu klasikoko antzezlana da”, dio Agirrezabalak, lau pertsonaia arazo bat konpontzen saia-tzen baitira. Eta, konponbidea bilatzeko ibilbidea da obra. Testuak gidatzen ditu, eta hori ere “nahiko klasikoa” dela uste du. Kepa Errastirekin batera landu zuten, eta sortzaileak dioenez, arintasunez betetako obra da: “Antzerkia arina izatea nahi genuen, herrira begirakoa izatea. Oso arina, erraz ikustekoa, erraz ulertzekoa da”.
Eta, sortzaileek asko zaindu duten aspektua bat euskara izan da. Euskara Batuaren aldeko apustua egin dute, baina forma ezberdinak ere erabili dituzte, botere harremanak islatzeko, esaterako. “Hikan egiten dute, baita berorikan ere. Eta, kaka hitzarekin edo kaka hitza daramaten esamoldeekin ere jolastu dugu”, onartu du Agirrezabalak. Saiatu dira hizkuntza trataera “landu bat egiten”, umorea euskaraz egiten, euskara zain-tzen, eta horretan indarra jarri dute: “Erakusten ari gara euskaraz ere umorea egin daitekeela”.
Obraren trama hiru agerralditan banatuta jorratu dute, eta horiek narratzaileek batzen dituzte. “Gustatzen zaigu sorkun-tza prozesuetan kapritxoak izatea. Eta, kasu honetan, narratzailea sartu gura genuela aprobetxatuta bilatu dugu kapritxo hori”, dio. Hala, sortu dituzten narratzaileek kantuen eta koplen bitartez egingo dute egoeraren analisia. Beste leku batetik. Izan ere, gizakiena ez den begirada eskainiko dute: “Gure fantasiak egi bihurtzeko, Liki likatsu taldearekin lan egin dugu”. Horien ardura izan da obraren soinu banda sortzea: musika, letra, abestiak eta soinu guztiak beraiek sortu dituzte.
Komedia bat da Kaka, eta hori ikustera hurbiltzen den oro islatuta sentituko da, edozeinek izan dezakeen onarpen beharra modu intimo bezain ganberro eta jostarian lantzen baitu antzezlanak. Gazte eta helduei bideratuta eraiki dute obra, baina publiko orokorrarekin “ondo fun-tzionatzen” duela diote.
AEK-k Korrika Kulturaleko sorkuntza bekaren irabazletzat aukeratu zuen Kaka ikuskizuna iaz, eta Korrika Kulturalaren testuinguruan estreinatu berri dute. Beka irabazteak “sekulako babesa” eman diela onartu du sortzaileak, ekoizpenerako ekarpen ekonomikoa egiteaz gain, beraiek iritsiko ez liratekeen herrietara hurbiltzeko aukera eman dielako beka horrek: “Gure sorkuntza lanak euskara hutsean egiten ditugu, eta askotan hori muga bat izaten da Euskal Herriko hainbat lekutara iristeko”. Dagoeneko erakutsi dute Donostian, Zumaian, Azpeitian edota Iruñean, eta harrera “oso ona” izan duela nabarmendu dute: “Jendea gustura geratu da. Aurrera begirako antzokien zerrenda luzea da, baina horrela lana ere hazten joango da, egonkortzen, eta geroz eta hobea izango da”.