Artearen esparruko adimen artifizialaren (AAren) erremintak aztertzen dituen Femias Kolektiboak irabazi du Loraldiaren 4. Sormen Digitaleko Beka Ahotsak AA(r)entzat proiektuarekin. Askoa Perezek (Gasteiz, 1986), Alejandra Buenok (Gasteiz, 1987) eta Laura MMk osatzen dute Femias kolektiboa, eta AAk irudiak sortzerakoan zein estereotipo jarraitzen dituen ikertzea, eta neurri batean heztea izan zen hirukotearen abiapuntua. Proiektu berrian, bestalde, instalazio interaktibo bat sortu eta irudietatik hitzetara eta elkarrizketetara egingo dute jauzi AAk euskal izaeraren inguruan duen ulermena eguneratzeko. Ekarpen txikiekin bada ere, euskal kultura eta euskal nortasuna AAk hartzen duen espazioan presente egotea beharrezkoa dela uste dute.

Ahotsak AA(r)entzat proiektuak Loraldiaren Sormen Digitaleko beka eskuratu du. Zertan datza proiektua?

ASKOA PEREZ: Femias Kolektiboan hiru urte daramatzagu AAren alborapenak ikertzen, eta zer nolako irudiak ematen dituen aztertzen. Horrek ondorioztatu digu, adibidez, hizkun-tzarekin arazo larri bat duela, besteak beste, ingelesez hitz egin behar zaiolako. Horregatik beka honekin hizkuntzaren afera hori aztertu nahi dugu.

Epaimahaiak nabarmendu du lanak «mugarri bat» jartzen duela euskal kultura garaikidearen eta teknologiaren arteko elkarrizketan. Zein da zuen abiapuntuko asmoa?

ALEJANDRA BUENO: Esperimentu bat izango da, AAk euskaldunak nola ikusten gaituen jakiteko. Jolas moduan planteatu, eta AAren begirada kanpotarra agerian jarriko dugu. Hain zuzen ere AA iruditeria arrotz jakin batez elikatzen da, eta topiko zein klixe asko errepikatzen ditu.

A.P: Estatu Batuetan aukeraturiko iruditeria erabiltzen du AAk. Nahiz eta egon badauden hemen egindako ereduak, bestelako eredu handi horiek dira erabili ohi ditugunak eta ez gara horien sorkuntzaren parte izan. Horregatik estereotipoz beteta egongo dela pentsatzen dugu. 

Galde-erantzunen bidez, AAk euskal kulturaren inguruan dituen ikuspegi estereotipatuak azaleratuko dira, besteak beste. Zeintzuk lirateke estereotipo horiek? Nola ikusten du euskal kultura AAk?

A.P: Galdetu izan diogunean konturatu gara baduela irudi orokor bat. Adibidez, euskaldunak serioak eta zentzudunak garela dio. Gure hitzak pisua duela, lanaren duintasuna eta ahaleginaren kultura errotuta dugula, familia eta lagunekiko leialak garela, edota esaldi labur eta zehatzak erabiltzen ditugula... Guzti hori zalantzan jartzea da gure asmoa, halaber, gaur egun euskaldun hitza oso zabala da, eta hainbat euskaldun mota daude. 

A.B: Proiektu honen bidez profil ezberdinetako euskaldunei aukera emango diegu AArekin hitz egiteko. Prozesu poetiko eta kritiko batetik abiatuko gara ondorioak ateratzeko, hala AA hobetzen eta hezten saiatuko gara. 

Instalazio interaktibo bat izango da, joko sortzailea. Nola funtzionatuko du?

A.P: Makina bat sortuko dugu, ez dugu robot bat ezta chatbot bat izatea nahi, garrantzitsua da guretzat AA makina bat bezala ikustea, eta ez magikoa den zerbait. Makinari hitz egingo diogu eta nolabaiteko solasaldi bat izango dugu berarekin. Hala, egunero makinak dituen iritzi edota aurreiritziak aldatzen joango dira, eta entzundakoaren laburpenak eskainiko ditu. Guk horiek jaso egingo ditugu. 

A.B: Ez dugu makina perfektu bat nahi, kontraesanak eta zalantzak entzuten dakien makina bat baizik. Bestalde, egun AArekin harremantzean idatziz egin ohi dugu, eta kasu honetan interesgarriena da ahotsa izango dela oinarrian. Ahotsak emozioetatik eta esperientzietatik hitz egiten du. Ahotsarekin, idazterakoan ez bezala, bestelako faktore batzuk azaleratzen eta nabarmentzen dira. Beste eremu semantiko bat da.

Zer da euskal nortasuna/euskal kultura galderari erantzunak bilatuko dizkiozue jokoaren bidez. Badago erantzunik?

A.P: Urtebeteko lana dugu aurretik, eta galdera hori nola planteatuko dugun ikusteko dago. Baina gure buruari egiten diogun erantzunik gabeko galdera bat dela esango nuke. Galdera zaila da, eta erantzunik ez izateak erakusten du euskaldunak anitzak garela eta gure nortasuna oso aldakorra dela.

A.B: Printzipioz guk ez dugu erantzunik, halaber, erantzun hori esaldi batean mugatzeak errealitatetik urruntzea dakar. Esaldi batean agian ez, baina lagunduko digu nolabaiteko iruditeri bat sortzen euskal kultura eta nortasunaren inguruan. 

Zein ekarpen egingo dio Ahotsak AA(r)entzat proiektuak euskal kulturari?

A.B: Beste begirada bat emango digu, nolabait gure perspektiba handituko du. Orain neurri batean mugatuta dago. Esperimentu poetikoaz gain, bestelako jakintza eta ikuspuntu bat emango digu guri buruz hitz egiteko. Horretarako sortu nahi genuke erreminta berri hau, eta ziur naiz erantzunak baino galdera gehiago emango dizkigula. 

A.P: AArekin egindako arte digitala, adibidez, baztertu egiten da, baita euskal kulturan ere. Mahai gainean jarri nahi dugu oso garrantzitsua dela artetik teknologia berri hauek aztertzea, lantzea eta kritikatzea. Baliteke gure eskubideen aurka joatea, baina ez baditugu ikertzen gure lekua galduko dugu.