Bere hiriko MontehermosoKulturunean erakusketa bat antolatzeko aukera izan du Dorleta Ortiz de Elguea (Gasteiz, 1973) artistak. Beheko solairu osoa eskaini zioten, nahiz eta Montehermosotik azaldu zioten zenbait leku estali ahal zirela. Ortiz de Elgueak espazioak itxi beharrean, bere 30 urteko ibilbidean egindako hainbat obra hartu, eta bost areto bete ditu mihisez eta paperez. 63 lanek osatzen dute Koadro habitatuak erakusketa; eta, artistaren esanetan, bere baitan urte hauetan bizi izan diren emozioak eta bizipenak dira koadroen biztanleak.

Ohikoena ekoizpen artistiko berriarekin erakusketa bat sortzea da. Kasu honetan, 30 urteko ibilbide artistikoa biltzen du erakusketak. Nola bizitzen da horrelako erakusketa bat?

Bai, eta egia esan, ezberdina da. Ia beti egin izan ditut azken ekoizpenaren ordainak. Montehermoso Kulturunean erakusketa bat egiteko aukera izan nuen, eta lehen solairu osoa eman zidaten. Haiek esan zidaten bost areto izanik, espazioa pixka bat mugatu genezakeela. Gero pentsatu nuen, 30 urteren ostean, oso aukera polita izango zela areto osoa erabiltzea eta 93. urtetik 2024ra berrikuspen bat egitea. Nire aurtengo lan guztiak daude.

Eta nola bizitzen dira 30 urte artista gisa?

Nire ibilbidea gorabeheratsua izan da. Oso aldakorra. Lan mota honetan aldaera asko daude, gauza ekaiztsu asko, hala nola gaixotasunak, nire semea goiztiar jaio zenean… gainera, nik ez dut inoiz estudio propiorik izan; horrek beti ematen dizu iragankortasun sentsazio bat. Konfinamenduan obra asko paperean egiteko aprobetxatu nuen. Suposatzen dut alokairuan bizitzea bezala dela, gutxiago konprometitzen zaitu leku batera. Batzuetan, zerbait txiki geratzen zaizu, edo ez da zure beharretara egokitzen.

Ze irizpide jarraitu dituzu zure bizitza laburtuko duten lanak aukera-tzeko?

63 lan dira. Gehienak, olioa edo akrilikoa mihise gainean. Paperari eskainitako areto bat ere badago, nire azken urteak gehiago islatzen dituena. Nik gehien ikusten nituen koadroak aukeratu ditut. Kanpoan utzi ditudan gauza batzuk asko gogobetetzen ninduten, baina publikoarentzat oso ilunak izan zitezkeen. Oso obra bukatuak bilatu ditut, identitatea dutenak.

Zer esan nahi duzu “oso bukatuak” diozunean?

Oso burugogorra naiz, zaila da azaltzen, baina bukatuta esaten dudanean, obra enblematikoez ari naiz, margotu dituzula ahazten ez dituzun horietaz. Nire ibilbidean presentzia gehien izan dituzten lanak izan dira aukeratutakoak.

Montehermoso Kulturunean dago ikusgai ‘Koadro habitatuak’ erakusketa. JOAQUIN LARA

Zer esan nahi duzu “oso bukatuak” diozunean?

Oso burugogorra naiz, zaila da azaltzen, baina bukatuta esaten dudanean, obra enblematikoez ari naiz, margotu dituzula ahazten ez dituzun horietaz. Nire ibilbidean presentzia gehien izan dituzten lanak izan dira aukeratutakoak.

Aipatu duzun bezala, ibilbide hau 90eko hamarkadan hasten da eta gaur egunera arte garamatza. Zertan bereizten dira garai hartako koadroak eta oraingoak?

Egia esan, erakusketa honek balio dit desberdintasun horiek ikusteko. Pintura gogorragoa zen, sintetikoagoa, tonu ilunagokoa... Eta bazuen batzuetan ausardia eta baldarkeria bat, artisten hastapenetan gertatzen dena, gero faltan sumatzen dena. Nahiago nuke orain ausartuko banintz. Nire 90ak ez ziren hain perfekzionistak izan, egia gehiago zuten.

‘Koadro habitatuak’ deitzen da erakusketa hau. Zure hitzetatik, zure obran zure aitak izan duen eragina ezagutu dugu. Uler dezakegu bera koadroetan bizi dela, baina nor edo zer gehiago aurkituko dugu?

Bai, aita margolaria da, eta ni asko joaten nintzen haren estudiora. Mihiseak eta olioak beti eskura nituen. Ikasketa hori modu naturalean egin nuenez, beti geratzen dira oroitzapenak. Margolaria izatea bada dagoeneko eragina. Nik “narratiba” deitzen diodan abstrakzio bat dago koadroetan, horregatik gauzak eta pertsonak hor bizi dira, mundu guztiak aurkitzen dituelako formak, aurkitzen dituelako esanahi semantikoak... nahiz eta agerikoak ez izan. Hori gertatuko zaio margolari orori, bere lanetan bere bizipenak, egoera emozionalak, asmoak... biziko direla, osatzen zaituen guztia bizi dela.

Publikoa koadro horien habitataren parte da?

Nik beti pentsatu izan dut artelan batek publikoaren begirada behar duela bere esanahi guztiak eskuratzeko, eta begirada horrek artelanak eraldatzen ditu. Pentsa norbaitek intentzio batekin margotu zuen koadro bat... Publikoak beste asmo ba-tzuk gehituko ditu, beste gauza ba-tzuk. Non norbaitek zerbait kostunbrista ikusten duen, beste batek kritika soziala ikusiko du... Zerbait desatsegina egiteko asmoz margotutako koadro batean, baliteke publikoak edertasuna aurkitzea. Hori ez da berehalakoa; artelan ospetsuenez ari naiz, ikusienez... baina, egia esan, uste dut publikoa zati garrantzitsua dela.

Eta, prozesu horretan, zein lekutan geratzen da sortzailea?

Beste puntu batean dago sortzailea prozesuan, ikusle baten moduan. Nik sortu badut koadroa, eta ikusle batek deskodetu egiten badu, ni berriz ere ikusle izango naiz, eta gustura entzungo dut deskodeketa hori, dibertitzen nauena eta harritzen nauena. Asko interesatzen zait.