Altsasuko Momotxorroetan jatorria duen ikuskizunean, entzuleak ustekabeen bidez erabat asaldatzeko apustua egin du taldeak udan zehar gauez plazaratuko duen 45 minutuko kaleko emanaldi ibiltarian. Frantziar estatuan erreferente nagusiak izanda, Hego Euskal Herrian eta Espainiar estatuan zailtasunez jositako ibilbide luzea nabarmendu du Garbitxuk, egun sei kide profesional dituen taldeko bozeramaileak. Perkusioaren eta suaren arteko uztarketa baliatuz, mugimendua, erritmoa eta sua bera izango ditu euskarri taldearen proposamen artistiko berriak.
“Talka, marruskadura, perkusioa. Sua lor-tzeko hainbat modu daude: danborren talkak txinpartak sortzen ditu, transmititzen den beroa, kolore, usain, erritmo, argi eta su zurrunbilo handia”, sua egiteko moldeez ari zaigu 29 urte bete dituen Deabru Beltzak kale-antzerki taldea, haren ikuskizun berriaren aurkezpen testuan. Garbitxu ezizenez ezagututako taldeko bozeramalearen esanetan, “ametsak egia bihurtu dira urteotan” zenbaitetan bidea malkartsua izan arren. 1996 urtean sortutako taldea Frantziako Estatuan erreferente izan baita taldea urte askoan, eta egun bertan sortzen dituzte ikuskizun gehienak eta erresidentziak han lortu baitituzte. “Kale-antzerkitik soilik bizi ahal izatea opari bat izan da guretzat. Batetik, zaila da kaleak berak jartzen dizkizun oztopoengatik: eguraldia, kristoren beroa, hotza... Inprobisatu beharra duzu beti. Adibidez, duela gutxi 30 gradu gauez izan genuen Katalunian. Diru-laguntzak jasotzea ere zailagoa izaten da. Zorionez azken urteotan Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan dugu eta lasaiago prestatu ahal izan ditugu ikuskizunak”, nabarmentzen du Garbitxuk. Horrez gain, Deabru Beltzak taldeak Frantziako hiru nazio zentroen babesa izan du urteetan zehar. “Sormen lanari ekiteko emanaldien egutegia gelditu beharra dugu eta horretarako ezinbestekoak ditugu diru-laguntzak”, gehitzen du. Fran-tzian bide-lagunak izan dituztenak haien erreferente izan dira Oposito taldea, esaterako. Estatu mailan Els Comedians eta La Fura dels Baus aipatzen ditu Garbitxuk, azken hauekin harreman zuzenik izan ez arren.
Norgehiagoka sinbolikoa Su talka ekainaz geroztik aurkezten ari diren ikuskizunari dagokionez, “perkusioaren eta suaren arteko talka ekartzen du gogora, entzuteko eta sentitzeko beharra. Agerpen ikusgarri baten ondoren, perkusionistak ikusleekin bat egitera doaz eta haien danborrak haiengandik hurbil dardarazten dituzte entzuteko eta sentitzeko beharra”, Garbitxuren esanetan. Kaleko ikuskizun hau 400-5000 bitarteko lagunentzat egokitu dute eta musika propioa ere sortu dute horretarako. “Gure ibilbidean perkusioa nagusi izan da beti. Talka hori jendearekin sortzen den jolasean du jatorria. Esku bat perkusioan eta beste bat probokazioan daukagu”, gehitzen du. Deabru Beltzak-ek publiko guztientzat lan egiten du eta ustekabea erabili arren, ez da izaten haien xede nagusi ikuskizunotan sarri agertzen den beldurraren “komodina” erabiltzea. Haurrak ikusle oso inportanteak dira haientzako eta ez dituzte beldurraren eraginez baztertu nahi.
Kale-antzerki emanaldietan eta jaialdietan eskaintzen diren ikuskizun motaren gaineko proposamenez (dramaturgia-kale-ikuskizuna-zirkuaren arteko espektroa oso zabala baita) oso ikuspuntu zehatza agertzen du Garbitxuk. Bere ustez artista edo talde bakoitzaren apetaren arabera sortuko baitira antzezlanak, edozein motatakoak sortu ere. “Bakoitzak erabakitzen du zer nolako ikuskizuna sortu nahi duen. Guk, adibidez, kale-animazioa egiten dugu antzerkiaren bidez. Horrekin nahastuta, piroteknia sartzen dugu. Amorrua ematen dit dramaturgia garrantzitsuagoa izan behar dela entzuteak. Zergatik izan behar du pisu gehiago testu batek guk egiten duguna baino? Gainera gero aurreiritziok diru-laguntzen nondik norakoa baldintzatu dezakete”, adierazten du, sutan, Garbitxuk.
Frantziako Brest herrian ekainaren 7an Su Talka estreinatu zutenetik, zenbait ikuskizun eskaini dituzte dagoeneko eta udan zehar gehiago emateko asmoarekin dabiltza taldekoak. Ekoizleak Frantziako hiru Nazio zentro direnez, aurkezteko aukerak zabalagoak dira. Orain arte Frantzian eta Katalunian eskaini dituzte ikuskizunak. Euskal Herriari dagokionez, Aretxabaletan izango dira 14ean eta Guardia/Biasterin abuztuaren 30ean.
Datorren urtean ospatuko duten taldearen 30. urteurrenaren karira, produkzio berezi bat ondu nahi dute. Baina momentuz ez dute ezer aurreratu nahi. Etorkizunari begira, munduan zehar ibiltzeko “ikuskizun erraldoia” bilakatu nahi dute Su talka. Eta xede horretarako, oso argi dute publikoarekiko kontaktua erabatekoa izan behar dela. Izan ere, bizitzan ametsak egia bihurtzea zaila baldin bada, zer esan beti krisian omen dagoen antzerkiaren munduan. Alta, bada, Deabru Beltzak taldeko kideek ametsak egia bihurtzen eman dituzte 29 urte, eta hori ez da ahuntzaren gauerdiko eztula. Sua eta perkusioa bidaide badira, askoz ere aiseago egiten baita ibilbidea.