HIGER. Lurmuturrean arnasaldi bat hartu eta bizkarra eman diogu Kantauri itsasoari, kostalde honetatik irten diren milaka arran-tzaleen kontrako noranzkoa hartuz. Amuarrainen antzera, Bidasoa ibaian gora egin ditugu lehen kilometroak, trenbide zahar baten azken bi bagoiak bihurtuta. Arrosa koloreko ertzak dituzten Iruritako baserrien artean bihurgune batzuk egin, eta hasi da malden festa. Askoren lehena dugu hau. Sufrituz gozatzeko aukera emango diguten erripen unea iritsi da. Hasi dugu Pirinioen zeharkaldia. Artesiaga (984m.). 

Eugiko urtegi ertzean igaroko dugu gure lehen gaua, kanpin dendan. Ohe mehe puzgarrien deserosotasunari egunean zehar pilaturiko nekea gailenduko zaionaren esperantza dugu.

Goizean aitak aitortu dit urteak direla ez duela kanpin bateko lur zurrunean lo egiten. Gihar gogortuak ditugu, baina bizikletaren mugimendu borobilek aise konponduko dute arazo hori. Erro (801m). Pagoak, haritzak eta kontrako noranzkoan doazen erromesak ikusi ditugu bata bestearen atzetik. Mezkiriz (922m). Abaurreagainara iristean, urtero ETBko kazetariren batek ‘urteko lehen elurtea Euskal Herrian’ esateko platoa dela ohartu gara. Remendia (1040m). Aitak, dantzari ibilbide luzea duena gorputzean, ezin du burutik kendu Jaurrietatik igarotzean izen bereko dantzaren doinua, eta konturatzerako Otsagabiara iritsi gara.

Berezia da bidaia hau. Bizitza osoa daramat aitarekin bizikletan ibiltzen. Laza (1129m). Berak eman zidan gurpiltxo txikiak kenduta BH bizikleta batekin lehen metroak egiteko adorea. Berak sartu zidan Indurain, Chiappucci, Bugno eta beste hainbaten balentriez hunki-tzeko arra. Matamachos (1148m). Berak erakutsi zidan portu luze bati aurre egiteko behar den aldartea, baita bizikleta bidaietan hain baliagarria izan zaidan sufrituz gozatzeko jarrera. Baina inoiz ez genuen elkarrekin bizikleta bidaiarik egin aurrez. Ansó (1078m).

Solsones eskualdeko paisaiak. E. Eizagirre

Igande batez gurasoenean bazkaltzen nengoela bizikletaz egiteko asmoa nuen hurrengo bidaia azaltzen hasi nintzen. Collado de la loma de Aisa (1227m). Nora zoaz oraingoan? Pirinioak zeharkatzeko gogoa nuen, hego isuritik, trafiko gutxiko errepideak lotuz. Postrea iritsi zenerako aitak buruan zuena askatzeko beharra zuen. Eta, zurekin banoa? Puerto de Navasa (1069m).

Hostal de Ipiés inguruan, daramagun bidea A-23 autobide azkarra bilakatu aurretik, desbiderapen txiki bat hartu dugu nora doan argibiderik ez duen errepide batera. Eskuartean dudan mapan, kategoria baxueneko errepide bezala agertzen da. 50 kilometrotan bi herrixka, hiru kotxe eta Pirinioen ikuspegi aparta. Puerto de Serrablo (1291m). Hau da hau gozamena. Kosta egiten zait ulertzea halako errepideak existitzen direnik ere. Txirrindularien plazererako eraikiak dirudite.

Ainsa herri ederretik igarota, hasiera batean baztertu nahi genituen errepide nagusietako batean amaitu dugu, Pirinioak zeharka guru-tzatzen dituen N-260 errepidea hain zuzen. Collado de Foradada (1020m). Trafikoa ez da hainbesterako eta gainera paisaiak ederrak direnez, aurrera egitea erabaki dugu. Errepide ‘nagusi’ bat izanagatik, dexenteko portuak dituela ikusi dugu, ez tunel, ez biaduktu, bihurguneak eta bihurguneak soilik bata bestearen atzetik. Coll de Fadas (1470m). Eguzkiak ez du errukirik eta Laspauls herriko kanpinean taberna eta piztina dagoela ikusi dugunean, ez dugu hitzik esan behar izan biok zuzenean barruraino sartzeko.

Creu de Perveseko portua. E. Eizagirre

Gozatzen ari gara. Bizikleta beti izan da gu bion, aita-semearen arteko lotura. Col de L’Espina (1407m). Bizitza aurrera egin ahala bakoitzak bere bizipen, iritzi, edo kontrakotasunak izanda ere, beti eduki dugu elkartzen gaituen puntu amankomuna, lotzen gaituen korapiloa. Coll de Viu de Llevata (1320m). Bata besteari lotuta doazen katebegiak gara bizikletari pedal kolpeak ematen dizkiogunean. Coll de la Creu de Perves (1335m).

Desbideratu egin gara, berriz ere errepide estuen xarmaren bila. Coll de Faidella (1250m). Harkaitz pareta eta baso itxien artean egiten du aurrera errepide estuak, tarteka arroila sakonen ertzak marraztuz. Bóixols agertu da ezerezean, bere kale isiletan 30 biztanle ezkutatzen dituen herrixka. Coll de Bóixolls (1380m).

Solsones eskualdeko Vall de Lord inguruan gaude eta mediterraneoaren gertutasuna geroz eta nabariagoa da. A ze beroa, hau da hau izerditzea. Coll de Jou (1480m.) Gure ‘Cima Coppi’ izango dena igarota, ibilbideko leporik garaiena alegia, bidea eta bidaia bera gainbehera kutxua hartzen hasi da. Coll de la Mina (1200m.). Herri nahiko handiak gurutzatzen ditugu, Berga esaterako eta ibilbidearen xarma kilometroka desegiten ari da. Coll de Canes (1120m). Coll de Coubet (1010m).

Empordà-ko lautadan murgildu garenerako kilometroak ahalik eta azkarren igarotzea da gure nahi bakarra. Azken zatiko aho zapore txarra goxatze aldera, Roses herrian hartxintxarreko bide bat hartu dugu eta Cadaquésera iritsiera zoragarria izan dugu. Bertatik turistak ezker-eskuin saihestuz igaro, azken bihurguneak egin, azken maldak igo eta iritsi gara gure helburura. Cap de Creus.