Formazioz gizarte hezitzailea, eta gizarte eta kultur susper-tzailea bada ere, ipuinak kontatzen dihardu azken zortzi urtetan Eskoriatzako Dorleta Kortazarrek. Helduei, haurrei eta nerabeei zuzendutako saioak egin izan ditu, eta horien artean, berak sortutako ipuinak, tradizionalak eta egile berrienak kontatzen ditu. Euskal Herriko Ipuin Jaialdi garrantzitsuenetan parte hartu du, baita Kataluniako eta Tenerifeko jaialdi banatan ere.

Eta Euskal Herriko txoko anitzetan aritu da kontari, kultur etxe eta antzokietan, elkarteetan, ikastetxeetan zein liburutegietan. Ipuinak kontatzea bezainbeste maite du entzutea, irakurtzea eta, batez ere, ikastea; estatuko eta nazioarteko ipuin kontalari erreferenteen eskutik jaso du formazioa.

Hala, azken hamarkadan, ipuingintzari lotutako etengabeko formazioa jasotzen dabil, izen handiko profesionalekin. Halaber, ikastaroak eskaintzen ditu ipuinak kontatzen ikasteko, eta horrez gain, formazio saioak gidatzen ditu guraso eta hezitzaileei zuzenduta, irakurzaletasuna sustatzeko.

KULTUR GOMENDIOAK

Abesti bat: Elektrizitatea (Zea Mays). Dena dauka, letra, indarra, ahotsa, instrumentazioa,...

Musika talde bat: Negu Gorriak. Berriro ere zuzenean ikustea gustatuko litzaidaken taldeaz galdetuz gero, ez dut zalantzarik.

Liburu bat: Eraikuntzarako materiala (Eider Rodriguez). Gainetik zapalgailu bat pasatzea bezala da.  

Idazle bat: Alaine Agirre. Erraietatik idazten duen sortzailea.

Ipuin kontalari bat: Virginia Imaz, nire maistra.

Antzezlan bat: Zaldi Urdina (Artedrama) eta Lur (Xake). Arnasa estutzeraino hunkitu ninduten bi obra horiek.

Kultur espazio bat: Infantado Jauregia (Guadalajara, Espainia). 36 ordu irauten duen ipuin maratoiaren egoitza nagusia da.

Ipuin bat: Mari Errauskin. Ipuin honek badu zerbait oraindik ere niri erakusteko.