Fatxada eraikin baten kanpoko paramentua da. Definizioak aukera ematen du eraikinaren kanpoko paramentu guztiak aipatzeko, baina, nagusiki, fatxada nagusia aipatzeko erabiltzen da terminoa. Eraikinaren azala da, eraikinaren jantzia eta eraikinak erakusten duena. Begiratu zuen inguruetako fatxadak. Nolakoak dira? Zer materialetakoak dira? Zer adierazten dute? Zelan eraiki dira? Lehen begiradan esan daiteke elementu sinpleak direla, eta behin horiek arakatuz, elementu honen konplexutasuna nabari daiteke.

Fatxada izaten da kanpotik ikusten den eraikin baten zati bakarra. Hori dela eta, arkitekturan oso garrantzi-tsua da, eta gauza asko adierazten ditu: eraikuntzaren ezaugarriak, eraikitako estiloa, barne distribuzioa, nor bizi den edota zer gertatzen den barruan. Hala ere, garrantzitsua da nabarmentzea fatxadek funtzio estetikoa betetzeaz gain, funtzionalak izan behar dutela eraikuntza osoan: esaterako, isolatzaile termiko eta akustiko gisa jardunez, argi naturala pasaraziz eta ura sartzea galaraziz.

Fatxada mota ezberdinak egon arren, orokorrean, konbentzionalek kanpoko orri bat eta barneko beste orri bat izaten dute. Bi orrien artean isolatzaile termiko bat instalatzen da (poliuretanozkoak, beira-zuntzezkoak edo beste material batekoak), eta tarte txiki bat du ur-lurruna aireztatzeko. Eta, gehienetan, adreiluz eraikitzen dira. Hala ere, egurrezkoak, harrizkoak, edota altzairuzkoak izan daitezke. 

Fatxada eraikin baten aurkezpen karta izanik, osaera formal eta bolumetrikoak garrantzia handia hartzen du. Eraikinaren kontzeptu nagusiak adierazi behar dira, bai funtzionaltasuna, bai inguruneari egiten dion ekarpena; gainera, eraikina dagoen ingurunean kokatu behar da, oharkabean pasatuz edo, “hiri-eskultura” handi gisa nabarmenduz. Hori guztia fatxadaren konposizio-elementuekin lor-tzen da: leihoekin, balkoiekin, materialekin, koloreekin, alienazioekin… 

Esan bezala, fatxaden bidez gauza asko adieraz daitezke, eta botereak horretarako erabili du. Fatxadak elementu politikoak dira. Gure inguruko eraikin historiko asko -eta egungoak ere- pilatutako aberastasuna adierazteko eraiki ziren, mezu bat helarazteko edota bakoitzaren boterea erakusteko. Fatxadaren diseinua hiria eraikitzeko elementu politiko esanguratsua da eta, aldi berean, elementu komunikatiboa da. Ornamentuez haratago erabiltzen diren materialek klase sozialaren eraikuntza eta bereizketan eragiten dute. Hala ere, aldaketak nabari dira azkenaldian. 

Mugimendu modernoan, fatxadari garaiko arkitekto esanguratsuek garrantzia eman zioten eta bosgarren fatxada agertu zen: teilatua. Le Corbusier-ek, esaterako, bere teknika diktatzen zuten printzipio arkitektonikoen multzoa garatu zuen, Arkitektura modernoaren bost puntuak deitu zuena. Bost puntutatik bik fatxadarekin zuten erlazioa. Prin-tzipio horietako baten oinarrian, fatxadaren diseinu libreak eraikinaren kanpoaldea bere egitura-funtziotik bereizten zuen eta fatxada egitura-mugetatik askatzen zuen. Eta bestearenean, aldiz, teilatu inklinatu tradizionalaren aurrean erabilera domestikoa izango zuen teilatua planteatzen zuen, eta hori bosgarren fatxada gisa landu zen. Gurean, printzipio horien eragina nabari daiteke, baina, orokorrean, gutxi da nabarikoa. 

Fatxadak ere espazio urbanoan publiko eta pribatuaren muga ezar-tzen du. Barne eta kanpo erlazioa gauzatzen duen elementua da. Fatxada gure bizitza pribatuaren eta publikoaren arteko muga zurruntzat har daiteke. Hala ere, Beatriz Colomina arkitektoak Privacy and Publicity: Modern Architecture As Mass Media liburuan (oso gomendagarria) dio muga hau ez dela finkoa. Honela definitzen du limitea: “Publiko eta pribaturaren arteko lerroak ez du kointziditzen eraikinaren kanpo limitearekin; hau da, fatxadarekin. Gainera, esan daiteke, itxiturak jada ez direla aurkitzen kanpoaldean, baizik eta beraien artean bildu/kiribildu dira gorputz imajinario bat sortuz”. Beraz, nolako da limitea? Hobe esanda, espazio bat da edo zer da?

Azken hamarkadetan arkitektura, gizakion moduan, barrura begira jarri da eta fatxada bigarren plano batean utziz, momentuko erantzun indibidualak ematen hasi da. Arrazoi asko medio, fatxadari garrantzia gutxi ematen zaio. Horren adibide ditugu eraikinei kanpotik ezartzen zaizkien isolamendu termiko sistemak, itsusiak eta eraikinaren izaera estaltzen dutenak. Eta fatxadak badu izaera kolektibo bat jorratzeko ahalmena, gorputz imajinario bat sor-tzeko gaitasuna, herriak edertzeko ahalmena, gure etxebizitzen konfortean laguntzeko gaitasuna. Gure herriak eta bizitzek inguruak aberasteko duten potentzialtasuna erabili behar da. Bide horretan, begi bistan dagoena zaindu behar dugu, horien atzean dagoena deseraiki eta behar kolektiboak asetuko dituzten fatxada berriak eraiki.