Benizze da Beñat Goitiaren (Gasteiz, 1991) proiektu berria. Montauk taldearekin bi disko argitaratu ostean, “mundua aldatu egin da”, bere esanetan. Bilboko El Tigre Estudioetan Jon Aguirrezabalagarekin grabatu eta nahastutako 7 abestik osatzen dute bere azken diskoa. Masterizazioa Xabier Eguiaren esku. Frantziako elektronika, trap zertzeladak, dotorezia alemana eta autotune geruza. Momotxorroak, pasamontañasak, Sarako frontoia, euskal pastela, urrea, intxaurrak eta txanpaina. “Badakigu nondik gatozen, baina ez zaigu batere gustatzen nora iritsi garen. Hau berrizteko behar nabarmena dago”. Ohiko plataformetan ikusgai dauden bideoklipekin batera, diskoa LP eta CD edizio mugatuetan argitaratuko da Kauldi Iriondoren eta Sofocalo Studios-enartearekin. “Nire bizitzako diskoa da, beharrak asetzeko ahalegin bat”. Horregatik diskorako hautatutako kolaborazioak: Ruper Ordorikaren maisutasuna ‘Mamuak eta izozkiak’ kantuan, J Martinaren freskotasuna ‘Sua’ -n eta Gariren dotorezia ‘Muxu bero bat’ abestia atontzeko. “Ah, eta noski, euskaraz, aitzakiarik gabe.”

Benizzeren kultur gomendioak

Abesti bat: Anariren ‘Aingura Hegodunak’. Abesti borobil baten eredua.

Musika talde bat: AEREA. Begiak ireki berri dizkit eta etorkizunerako gakoak erakutsi. Etengabeko berritasuna bilatzea da niretzako musika.

Liburu bat: Bernardo Atxagaren ‘Obabakoak’. Ez dut parekorik topatu orain arte.

Antzezlan bat: Vulk taldearen zuzenekoa. Kontzertu bat da, noski, baina badu antzezlanetik ere. 

Film bat: ‘Basoilunean’ (Koldo Serra). ‘As Bestas’ gustatu bazaizu, hona hemen duela zenbait urte Euskal Herrian egindako hau.

Kultur espazio bat: Jimmy Jazz. Gasteiz bizirik mantentzen duen gunea.