Aitor Bengoetxea Zabalza, ‘Bengo’, 25 urteko dantzari eta abeslaria oiartzuarra da. Hamaika urte zituenean hasi zen dantzan eta nerabezaroan musika egiteari ekin zion. ‘Bizirik’ du izena Bengoren lehen diskoak, zortzi abestiz osatuta. Horietako batzuk plataforma digitaletan milaka erreprodukzio izan dituztenak dira, eta beste batzuek bidea hasi berri dute. Jada hainbat kontzertu ditu aurreikusita, hurrengoa martxoaren 9an, Arrasaten.

Bengoren kultur gomendioak

Abesti bat: Lehenik, Hamabi izeneko talde oiartzuarraren ‘Zuri begira’ kantua aukeratu dut, doinu zein letra freskoak dituelako. Esango nuke, barruraino sartzen zaizun horietakoa dela kanta hau. Ondoren, Mikel Laboaren ‘Martxa baten lehen notak’ abestia ere aipatu nahiko nuke, urteetan zehar nire ondoan egon den horietakoa delako. Kanta honen esanahia izugarria dela uste dut eta zuzenean haurtzarora eramaten nauen doinua da, amak txikitan jartzen zidalako.

Musika talde bat: Estatu Batuetako Juice Wrld raperoa aipatu nahi dut. Melodia finak eta ahots izugarria dituela ezaguna da baina niretzat inspirazio iturri izan den abeslari honi bere lekutxoa eskaini nahi diot. Gainera, duela hiru urte zendu zen eta bere obrak oraindik entzuleak hunkitzen jarraitzen du. Bestetik, Estatu Batuetako Lauryn Hill abeslaria aukeratu dut, rap munduko emakumezko erreferente izan delako. The Fugees taldearen partaide izan da eta bere lana sekulakoa da. Musikaz gain bizitako zuzengabekeria guztiak salatu eta horren aurka borrokatu zuen horietakoa da.

Poema bat: Antonio Machado idazlearen ‘A un olmo seco’ (Campos de Castilla) deiturikoa. Bertan, gaixorik dagoen emaztea zuhaitz zahar batekin alderatzen du era original eta fin batean. Poema hau oso ezaguna bada ere, izugarria dela iruditzen zait eta irakurri ez duenari irakurtzea gomendatzen diot.

Film bat: ‘La Haine’ (Gorrotoa) pelikula. Obra honek Frantziako auzo txiroen bizitza plazaratu nahi du, bertan bizitzen zuten arrrazakeria eta klasismoa kritikatuz. Gainera, Hip-Hop mugimenduarekin bere lotura ere badu eta niretzat film hau ikusi behar den horietakoa da.

Kultur espazio bat: Dantzagunea. Euskal Herriko dantzariak garenok ezagutzen dugu jada leku hau, guretzat erreferentzia puntu bat izan delako urteetan zehar. Duela urte batzuk Donostiako Artelekun zegoen espazioa zen, baina gaur egun Oreretako Niessen eraikinean dago kokatuta.