“Hobby bezala musika egiten dugun taldea gara. Ez gara musikari profesionalak. Mezu bat transmititzeko eta batez ere ondo pasatzeko zerbait egitea da gure helburua”, hala definitzen du Amagoia Aiestaran kideak Gilda musika talde sortu berria. Beraien lehenengo lana kaleratu berri dute: Egin albora.

Amagoia Aiestaran eta Anabel Toral adiskideen arteko harremanaren ondorioz sortu zen Gilda 2019. urte inguruan. Batak gitarra eta besteak baxua eskuetan, entsegu lokaleko intimitatean batzen ziren beste talde batzuen abestiak jotzeko; alta, pixkanaka beraienak sortuz joan ziren eta momentu batean erabaki zuten unea zela egindako lan guzti hori jasotzeko. Hala, hasteko, euskara hutsezko zortzi abesti bildu dituzte lehen diskoan. Pop-rock estiloko musika gisatzat definitu ohi dute egiten dutena.

Hasierako sorkuntza prozesua oso motela izan zela azaldu du Toralek, “bion artean egindako abesti batzuk genituen buruan eta urte batzuk igaro dira grabatzea erabaki genuen arte. Forma ematea asko kostatu zi-tzaigun, talde bat osatzea. Azkenean, Maialen iritsi zenean orduan izan zen bultzada handiago bat”. Hain zuzen, pintxoak berak bezala hiru osagai ditu Gilda taldeak, Amagoia eta Anabelez gain, Maialen Aiestaran bateria joleak osatzen du Beasaingo taldea. Behin taldea osatuta, “serioxeago” jarri, grabatu, enpaketatu eta fisikoki zerbait ukigarri bihurtzeko gogoak bultzatu zituen lehen lana sortzera.

Normalean, Amagoia arduratzen da letrez eta Anabel musikaz. Aitortu dute abesti bat sortzeko prozesua asko gustatzen zaiela. “Sortu, jo eta ondo ateratzen denean satisfazioa handia da”. Prozesuko azken pausoa orain dela gutxi arte ez zuten ezagutzen, kontzertuak jotzearena, eta pozik daude. “Hori aurkitzea prozesu luze osoarekiko nolabaiteko errekonpentsa ere izan da, merezi izan du”.

Galdakaoko azokan eskaini zuten lehen kontzertua. Alta, beraien publiko gehiena familia eta lagunak izanik, bertara oso jende gutxi gerturatu zela adierazi dute, hala ere, pozez atera ziren. “Kontzertu bukaeran pare bat emakume heldu gerturatu ziren eta asko gustatu zitzaiela esan ziguten. Ezagutzen ez dituzun pertsonak hurbiltzea berezia izan zen”, adierazi du Toralek. Jende ezezagunaren iritziak eta bizipenak jasotzeak aurrera egiten laguntzen eta jarraitzeko gogoa ematen duela gaineratu du Aiestaranek.

Anabel Toral, Amagoia Aiestaran eta Maialen Aiestaran beasaindarrak dira Gilda. Gilda Taldea

Emakumeen ikusgarritasuna Egunerokotasunean emakume diren heinean sortzen zaizkien gorabeherak helarazteko egiten dute musika Gildako neskek. “Naturalki ateratzen zaigu halako letrak egitea”, azaldu du Toralek. “Ez dugu inoren eta ezeren predikatzaile izateko helbururik”, gaineratu du Aiestaranek. Hala ere badute apeta bat: orain arte, espazio publikoetan nagusi izan direnek albora egitea. “Emakume bezala ikusgarritasuna eduki ahal izateko, batzuk alde batera egitea ezinbestekoa da. Geure lekua behar dugu, eta hori aldarrikatzen dugu bildumako Egin albora abestian”, azaldu du Aiestaranek. Emakumeak aspalditik dabiltzala musika egiten, haien lekua eskatzen eta borrokatzen eta garaia badela uste dute. Era berean, azpimarratu dute garrantzitsua iruditzen zitzaiela taldeko hirugarren partaidea ere neska izatea eta asko kosta zitzaiela lortzea.

Horregatik, interesgarria irudituko litzaieke emakume musikarien sare bat egitea, beraien artean lagundu eta babesa eskaintzeko batez ere. “Hortaz ohartu gara, guri neurri batean eragin digulako. Jendea egon badago, baina elkartzea falta da”. Horrekin lotuta, beraien lehen lanaren izenburua badela afera horri keinu bat nabarmendu dute. “Gu entzunak izateko beste batzuk isildu egin behar dira edo albo batera egin behar dute. Batzuetan ez dira konturatzen eta orain arte beraiek egon dira lehen lerroan”.  

Lehen diskoko abesti batean adibidez euskal emakume musikariak izendatu eta goraipatzen dituzte, gustatzen zaizkienak edo musikalki erreferentetzat dituztenak. Badaudela azpimarratzeko. “Nerabe ginenean emakume gutxi ikusten ziren, orain geroz eta gehiago daude. Horrek ematen digu indarra, batez ere oholtza zapaltzean. Posible dela erakusten digu erreferente izan daitezkeenak ikusteak”, azaldu du Aiestaranek.

Abesti bakoitzak bere irudia eta logo propioa izatea ere nahi zuten. Hala, bere estiloa gustatuta Arantxa Alustiza marrazkilari beasaindarrari egin zioten proposamena, abestiak pasa zizkioten eta gogoz azaldu zen. “Oso berezia da bere estiloa, mezu zuzen eta gordina ematen du; talentu askorekin egindako lana da. Gure abestiekin bat egiten duen estiloa dela iruditzen zaigu, oso pozik gaude emaitzarekin”, azaldu du Toralek. Bestalde, Beñat Antxustegi grabaketa eta nahasketen arduraduna ere aipatu nahi izan dute. Hain zuzen, Antxustegiri esker Donostiako Balio dute musikarien kolektiboa ezagutu dute. “Gure hastapenetan laguntza asko jasotzen ari gara beraien aldetik eta eskertzekoa da”.

Herriko jaietan estreinatu ziren joan den maiatzaren 28an eta orain gogoz daude kontzertuak eskaini eta sortzen jarraitzeko. Ez dakite beste lanik aterako duten baina momentuz aurrera segi nahi dute, hasiberrien ilusioarekin.