Arkitektura konplexua da, eta egia da. Proiektu bat definitzerako orduan kontuan hartu beharreko gauza asko daude: tokia, baliabideak, pertsonak, bezeroa, kontzeptua, dirua, legedia, egitura, materialak€ Esku-hartze batek elementu hauei eta obran sortatu daitezkeen bestelako baldintzei erantzuna eman behar die. Eta gutxitan hitz egiten da honen atzean dagoenaz. Nondik eta nola eraikitzen dira proiektuak? Zer nahi du bezeroak? Eta zer behar du? Nolako espektatibak sortzen ditu proiektu batek? Normalean proiektu baten hasiera enkargu bat izaten da, bezeroak bere beharrak asetzeko proiektu bat eskatzen baitio arkitektoari. Horren lan prozesua arkitektoaren eta bezeroaren arteko hartu-emanean oinarritzen da, eta askotan, tamalez, negoziazio terminoetan erortzen da. Arkitektura produktu gisa ulertzen baita.

Hasieratik amaierara benetan oso konplexua izaten da harreman lanketa hau, buruhauste askokoa eta batzuetan aberasgarria izan daitekeena. Horrelakoetan, komunikazioa hasieratik beharrezkoa da, proiektu duin bat ateratzeko bi aldeen arteko interakzioa oinarrizkoa baita. Izan ere, ikuskera eta espektatiba ezberdineko pertsonek hartzen dute parte, eta hau hasieratik ondo kudeatu beharra dago. Proiektu interesgarriak negoziazio terminoetatik kanpo eman ohi dira, nahien deseraikuntzan zentratuz eta bi agenteen arteko elkarlanean oinarrituz.

Kasu honetan negoziazio baino bien arteko elkarrizketa bat jorratu delakoan nago. Bezeroa (Tas) prozesuaren abiapuntua izan da, bidelagun ere bai eta gerora proiektuaren testigua eramango du. Hau aurrerago azalduko dut. Anomalia honen sinadura Garmendia Cordero arkitektura estudioaren sinadura darama. 2015. urtean ekin zioten bideari Álvaro Cordero Iturregui eta Carlos Garmendia Fernández buru dituen lan-taldeak. Beraien hitzetan proiektu berri bati ekiteko edozein moduk izan behar du esku-hartzen den espazioa hobetzeko azken helburua, eta horrela planteatzen dute lan bakoitza.

Orain arte, lehenago zegoenaren eta sortzen den arkitektura berriaren arteko harremanak esperimentatu ahal izan dituzte, testuingurua ahalik eta gehien errespetatuz. Eskala guztietan lan egiten dute, proiektuaren tamaina edo izaera edozein izanda ere, eta lan bakoitzean, xehetasunik txikiena eta ezarpenik handiena zaintzen saiatzen dira.

Tas-en proiektuan bertan behera utzitako eliza errenazentista etxebizitza bihurtzea izan dute erronkatzat. Esku-hartzea XVI. mendearen bigarren erdian eraikitako eliza txiki batean egin da, Sopuertako (Bizkaia) Las Barrietas auzoan. Eraikina eta historia errespetatzea bilatu da. Proiektuaren enkargua jasotzean eraikina estalkirik gabe zegoen, barrualdea erorita, eta egitura ezegonkortasun kezkagarrian. Une oro, ahalik eta modu sentikorrenean esku hartu da, eta beste aukerarik ez zegoenean soilik ukitu da eliza. Kanpotik eraikina bere baitan mantendu eta barneratzean partaideen arteko elkarlana nabari daiteke.

Bezeroa proiektuaren sortzaile bihurtzen da hasieratik bukaerara, proiektuaren diseinatzaile eta exekutatzaile bihurtuz. Arkitektoekin batera obraren xehetasunak marraztu eta proiektatu ditu. Etxebizitza pentsatzeko modua zuzenean lotuta dago bizilagunaren bizimoduarekin. Eta eraikinera sartzean nabari da. Etxea topaleku gisa planteatzen da, etxea espazio ireki gisa ulertuz, kanpo-barne erlazioak zainduz eta dena jarraikorra izanik. Proiektua ohikoa ez den espazio bat etxekotzeko borondatearen ondorio da, historiarekin erlazionatuz. Lehenago zeuden elementu urriak zaindu dira, esaterako, elizako zutabeak dira lehen solairuaren euskarri. Esan daiteke bizitegia gizarteratzeko aukera gisa planteatzen dela, bai barnean zein kanpoan, eta dena bistara utziz.

Proiektua bere baitan ez dago guztiz amaituta, edo hobe esanda bezeroa aldatzen joango da. Denboran eboluzionatzen joango den eraikina izango da, betiere hasieratik arkitektoekin markatutako premisei jarraiki. Espazio abandonatu honen behar inplizituak erantzuteaz gain, behar berrietara egokitzeko ahalmena izango du erakinak, eta garrantzitsuago, bezeroa partaide izan da. Ekideei beste erabilera bat ematea beharrezkoa eta nahitaezkoa izango da etorkizunean, asko eraiki baita gurean. Arkitektoen jakintza eta esperientziak bezeroekin elkarbanatuz, eta hauek agente aktibo bihurtuz proiektu interesgarri eta duinak jorratu daitezkeela ikus daiteke.