Egun oso batez herriko plaza hartu eta euskara hutsez bete. Hori da azken bost urteotan Ziburuko Baltsan elkarteak Argia hedabidearekin batera egin duena Ziburuko Liburu eta Disko Azokan. Seigarren edizioa izango da aurtengoa, ekainaren 7an. Goizeko 10:00etatik 19:00etara bitarte etengabe egongo da zer entzun eta ikusi Ziburuko (Lapurdi) plazan, den-dena euskara hutsean.

Hain zuzen ere, euskarari eta euskal sorkun-tzari plaza bat ematea da azokaren xedea, Baltsan elkarteko kide den Ladix Arrosagaraik azaldu duen moduan: “Helburua da egun bat bizi-tzea estres linguistikorik gabe, deus justifikatu edo azaldu beharrik gabe: lasaiki, naturalki, goxoki euskaraz bizitzea, eta euskara hutsezko sorkuntza sustengatzea eta ezagutaraztea”.

Horretarako, ekintzaz beteriko egitarau oparoa ondu dute aurten ere. Badira azken urteetan programazioan finkatu diren ekitaldi ba-tzuk; hala nola, liburu aurkezpenak, kontzertuak, umorezko saioa eta Zirriborra bertso-marrazki saioa, eta badira berrikuntzak ere, Rolariak elkarteak proposaturiko rol joko partida, kasu.

Horrez gain, Aurelia Arkotxari omenaldia egingo diote azokari hasiera emateko. Urtero idazle bat omentzen dute eta aurten idazle eta ikerlari baigorriarraren lana goraipatu nahi dute antolatzaileek. Ladix Arrosagaraik aipatu du Arkotxaren lana aitzinera ekartzeaz gain, omenaldiaren helburua bokazioak piztea dela, beste batzuengan bide bera hartzeko gogoa sustatzea.

Bisitariek egun osoa izango dute azokaz goza-tzeko. “Plan polita izaten ahal da ordu pare bat pasatzeko edo egun osoa iragateko”, azaldu du Arrosagaraik. Gainera, azoka 13:00etatik 15:00etara itxita egongo bada ere, tarte horretan Ziburuko Ikastolak taloak eskainiko ditu, eta inguruko ostatuetan ere giro gozoa egoten dela aipatu du antolatzaileak.

‘EUSKARAZ BAGARA’

Lelo hori hautatu dute Baltsan elkarteak eta Argiak aurtengo edizioa zabaltzeko. Plazaratutako agirian euskararena auzi politikoa dela azpimarratu dute, eta “pairatzen duen larrialdia” ez dela halabeharrez gertatzen, “gure mintzaira ezabatu nahi duten politika kolonialisten ondorio zuzenez baizik”

Hala, euskararen aurkako “oldarraldi judizial-politiko euskarafoboa” salatu dute, bai Ipar Euskal Herrian, Nafarroa Garaian zein EAEn: “Hemen kanpoko legea da nagusi, batzuetan ahanzten baitugu lortu porroska bakanek anestesiaturik: gu hobeki asimilatzeko euskara desagerrarazi nahi dute hizkuntzak egiten gaituelako herri”.

Iaz baino lau argitaletxe gehiago izango dira azokan. DANI BLANCO - ARGIA

Horregatik, euskaraz bizitzeko tarteak proposatzen ditu Baltsan elkarteak urte osoan zehar. Ladix Arrosagaraik azaldu antzera, euskaldunon kezka beti izaten da hitza erdarara itzuli behar izatea, “baina itzultzen dugun bakoi-tzean pertsona horri posible egiten diogu euskara gabe bizitzea”, zehaztu du.

Horrelako ekimenekin hizkuntza eta kultura bizia sustatu nahi du elkarteak: “Euskarak egiten gaitu herri, baina kulturak egiten gaitu herri bizi. Kultur sorkuntzarik gabe museotako kultura geldituko da gurea edo turistentzako egiten den ikusgarri kulturala. Guk ez dugu euskara sortzen besteentzat, guretzat baizik, eta hori sostengatu eta eratu egin behar da”. 

‘AZOKAROA’

Horiek horrela, azoka denboran eta espazioan hedatzea erabaki zuten duela urte batzuk. Ziburuko azoka handitu ahala, muga fisiko eta tenporalekin egin zuten topo: egunak eta plazak ez zuten gehiagorako ematen, baina beharra bazegoen, Arrosagarairen hitzetan. Horrela sortu zen Azokaroa, inguruko auzo eta herrietara azoka gerturatzeko eta tokiko beste elkarte batzuekin elkarlanean atariko asteetan euskarazko kultur ekitaldi gehiago antolatu ahal izateko.

Aurten, esaterako, sei ekimen prestatu dituzte, bost publikoaren aurrean eta bat irrati-uhinetan: liburu aurkezpenak, bertso-errezitaldiak eta mahai inguruak. Azken horretan Ximun Fuchs eta Amagoia Gurrutxaga solasean aritu ziren Euskal Irratietan euskal sor-tzaileen prekaritatearen inguruan eta Argiaren 2918. zenbakian dago irakurgai.

Baltsan elkartea Doinuele sarearen sustatzaileetako bat ere bada. Sare horretan biltzen dira Euskal Herri osoko euskara hutsezko plazak, bederatzi orotara, eta horrelako ekimenak “biderkatu” behar direla azpimarratu du Ladix Arrosagaraik. Ziburuko azokaz gain, Doinuele sarea osatzen duten ekimenen artean daude Baztango (H)ilbeltza, Azkoitiako Geure Gelatik, Galdakoko Sormene, Zarauzko Literaturia, Hernaniko (H)azoka, Sarako Ikusi Mikusi, Oiartzungo Hitzen Lihoa eta Lazkaoko Azoka. 

BISITARIEN KANTITATEA BEZAINBESTE KALITATEA

Indarrez hasi dena, zalantzarik gabe, Ziburuko azoka bera da. Hastapenetan 300-400 lagun inguru biltzen ziren, baina azken edizioetan 1.200 bisitariren bueltan ibili omen dira. Kantitatearen gainetik, ordea, kalitatea azpimarratu nahi izan du Arrosagaraik: “Jendeak parte hartzen du, edaten du euskaratik eta plazerez. Ez da bakarrik heldu, liburu bat erosi eta etxera buelta. Hor egoten da, plaza euskaraz bizi da eta hori da herriaren bihotza”.

Bai bisitariak, bai antolatzaileak, gonbidatuak zein argitaletxeak mugaren bi aldetakoak dira, eta hori da elkarteak kontuan jarri nahi duen beste auzi bat, hots, nazio mailako ekimena izatea. “Bereizten gaituen muga hori pixkanaka joan behar dugu zabaltzen euskararen bitartez eta horregatik azokari ematen diogu horrelako hedadura nazional bat”, zehaztu du Arrosagaraik. Horretaz aparte, gonbidatuetan genero-parekidetasunari ere kasu egiten diote, nabari da egitarauan. “Behar ditugu sortzaileak, behar ditugu gizon sortzaile bezainbat emazte sortzaile ere, eta eman dezala aurtengo egitarauak bokazioak sortzeko”, borobildu du.