Aurreko astean legez, oraingoan ere PAU horren gainean jardun nahi dut, bai Hondarribiko arrantzaleen artean erabiltzen den (“zen”?) arrantzale-paluaren adieran, bai Arrasateko umeek euren berbetan “jauste” esateko erabiltzen zuten adieran, bai gaur egungo eta bihar-etziko “berritzaileek” unibertsitatean sartzeko proba adierazteko darabilten adieran. Hartan-horretan konturatu naiz Gabriel Aresti Segurolak eta Fernando Aire Etxart Xalbadorrek anabasa hori aurreikusita eta ebatzita zutela.
Bihoakie gaurko zutabea euskaldun mengelei, euskaldun izatea guai denean bakarrik euskaldun izan nahi dutenei, joko-arauak norberari ondo doazkionean bakarrik zaindu nahi dituztenei, Euskal Herria eta euskalduntasuna ahotik kanpora bakarrik darabiltzatenei, gure herria beren komenentzien arabera erabiltzeko prest daudenei eta antzera dabiltzanei. Horretarako, Bilboko olerkari handiaren olerki bat ekarriko dut hona moldatuta, eta Aldudeko bertsolari handiaren odolaren mintzotik datorren olerkia aipatuko.
Gabriel Arestik behin idatzi zuenaren aldetik, hauxe esan behar diet euskara bere izatearen parte gisa komenentziaren arabera azaltzen dutenei: “Zuei, Euskal Autonomia Erkidegoko sasi euskaldun neska-mutilok, egian diotsuet, zuen artetik batek baldin eta euskara esplotatzen badu une honetan edo geroago ere bai, hori, zuen arteko hori, neure maldiziorik borobilenarekin hornituko dudala, sipula-sipulorum, mundu honetako putasemerik semeena bezala”.
Xalbadorrek, berriz, honelako heriotza-abestia opaldu zion euskarari: “Hil hobi huntan noizbait norbait balabila, / zure izaitearen herrestoen bila, / lurpetik entzunen du deiadar bipila: / Hemen dago ama bat bere haurrek hila!”. Ozenago esan daiteke, ez, ostera, bortitzago. Zelan eduki dezake azala euskaraz egiteko gai ez den batek euskararen nota ken dadila eskatzeko? Zergatik ez du eskatu gaztelania ere batezbestekotik kentzeko? Horiei ukatzen diet euren burua euskaldun dutela esateko eskubidea.