Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Zelako errekorra!

Bigarren Mundu Gerra amaitu zenetik Estatu Batuak norberak gomutara ekar ditzakeen gatazketan baino gehiagotan sartu dira, eta, nik dakidala, Grenada Ameriketako uhartedian bakarrik irabazi du gatazka militar bat. Merituaren handia, estatubatuarrena! Izan ere, 110 000 pasatxo biztanle dituen herrialde baten eta haren lagun kubatarren kontrako liskarra baino ez dute irabazi Estatu Batuek 1945etik hona. Markaren handia, gero! Koreako guduan sartu ziren komunista totalitario baten eta kapitalista totalitario baten arteko borrokan, eta, txinatarrak liskarrean sartu eta gero, bakea sinatu zuten estatubatuarrek eta iparkorearrek 1953ko uztailean, parra egin eta gero. Areago, oraindik Koreako Gerra su-etenean dago, baina gudua ez dago amaituta hegokorearrek ez baitute sinatu bake-akordioa. 

Ez dakigu zenbat lagun zibil hil ziren gudu horretan (ez baitakigu sekula zenbat lagun hiltzen diren guduetan), baina badakigu Estatu Batuek ezin izan zutela gudu hura irabazi. Handik laster, Vietnamera igaro ziren. “Ipotx hori” horiek ez ei ziren inor, estatubatuarren iritzian, eta gudua erraz irabaziko zutelakoan abiatu ziren hara. Bada, 1955etik 1975era gerran jardun eta gero, estatubatuarrek Parisko Ituna sinatu zuten eta iparraldeko vietnamdarrek euren herrialdea batu zuten estatubatuarrek handik hanka egin eta gero. Hanka egin zuten, ez oso itxuroso. Zertarako balio izan zuen napalm hark? Ondorik, handik eta hemendik ibili dira estatubatuarrak munduan zehar. Somaliaren gainean berbarik egiten ez badugu, hobeto. Afganistanen egin zutena ahazten badugu, hobeto (hor sobietarrek ere edozelan alde egin behar izan zuten). 

Irakekoa ahazten badugu, hobeto. Azkenean, israeldarrekin batera, Irani eraso egin diote nazioarteko zuzenbidearen arauak hautsiz eta herritar zibilak erailez. Bada, 60 eguneko guduaren ostean, estatubatuarren presidenteak ez ditu irandarrak garaitu. Txakur zaunkariak antzo esan berri du sarraskitu egingo duela Iran. Esan bai, baina…