Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Oskarren Semea

Oskarren Semea Islandian jaio zen eta, batzuek diotenez behintzat, Errealaren ereserki berria egin du. Bada, Athleticen aurkako partida irabazi eta gero Anoetan abestu zuena baten bati Errealaren elastiko berria bihurtzea bururatu zaio Ameriketako Atean Urumeako semeek Manzanaresko madrildarren aurka jokatuko duten partidarako. Errealak irabaziko ahal du partida hori!

Betiere, ai ene!, ereserki berri hori ahozkotik idatzira ekartzean, azentua jarri diote Kubako edari berogarriari. Bekatuaren larria! Errealzaleak sare sozialetan lotsaz, haserrez oldartu zaizkio azentu horri. Horrelako oldarrari iharduki dioten errealzaleetarik ez gutxik euskaraz erakutsi dute beren haserrea. Eta Loberaren belarriak tentetu egin dira bat-batean. Errealzale euskaldunak ez dira haserretu abesti hori gaztelaniaz egitearren? Ez ote da lotsagarriagoa euskaldun batentzat erdaraz jardutea erdaraz jardutean azentu bat ez ipintzea baino? Eta Lobera itun, goibel jarri da.

2024ko udaren amaieran heldu zen Donostiara Oskarren Semea, eta denbora horretan gaztelaniaz egiteko lain ikasi du. Eta euskaraz? Ez dakigu. Hori dela eta, izan ditudan burutazio batzuk ekarri nahi ditut hizpidera: Errealeko jokalari euskaldunetarik inork iruzkindu dio Oskarren Semeari abesti hori euskaraz ere egin zitekeela eta euskaldun horietarik edonor hura erakusteko gertu zegoela? Euskaldun horietako inori ez al zaio gomutara etorri Bad Bunnyren musika barik euskal doinuren bat erabil zitekeela?

Eta Lobera, Lizardiren txoria lez, itun jarri da. Izan ere, Oskarren Semea ez da ezeren erruduna, ezpada haren ondoan dauden euskaldunak. Arrotzari “begiruneagatik” haren hizkuntzaz egiten badiogu, itaun hau datorkit gogora: Errealeko zenbat jokalarik dakite islandieraz? Hala ez bada, euskaldun denak zergatik egiten du gaztelaniaz aurrean daukanak gaztelania euskara bezain arrotz duenean? Euskaldunoi badoazkigu geure ezaugarririk behinenak hatzen artetik… Betiere, Errealak irabaziko ahal du partida hori!