Gazteek badiote euren gurasoak baino okerrago bizi direla. Bada, eskatu kontuak gurasoei. Izan ere, pentsiodunen eskari bat etorri zait gomutara, oraingo honetan bolo-bolo dabilena: pentsiodun batzuek euren buruentzat langileen gutxieneko alokairua besteko erretiro-saria eskatzearena. Horrelako eskaerak ikusten ditudanean harritu egiten naiz batzuen azal gogorrarekin. Kontu bat pentsioa duina izatea da, beste bat, ostera, pentsiodun guztiak berdin tratatzea.
Jo dezagun pentsio-sistemaren muinera. Nork ordaintzen du? Lanean dirauen beharginak. Berdin kobratu behar dute 10 urteko lanaldia izan duen batek eta lanean 40 urtetik gora emaniko batek? Ez dut uste. Nire aburuz, alferren pagotxa dugu pentsioen aldarri hori. Beste itaun bat: baldin eta politikarien soldatak publikoak direlako herritar guztiok eskubidea badaukagu soldatok zenbatekoak diren jakiteko, zergatik ezin daitezke pentsioa, hartzeko publikoa dena, jasotzen dutenek (dugunok, ni horretan ere bainago) egin duten kotizazio-bizialdia eta pentsioaren zenbatekoa jakiteko?
Aurrekoak berekoiak dira, eta ostekoak, berriz, kexatiak. Izan ere, Aldous Huxleyren metafora haragitzen ari da gure bizialdian; geroago eta hurrago ditugu gizakia ez beste edozein helburu barruan duten erabakiak. Berbarako, baldin eta orain erretiroa hartuta gaudenon pentsioa beharrean dirautenek ordaindu behar badute, eta behargin horien soldata txikiagoa bada pentsioa baino (ia hiru halako), orduan zein etorkizun utziko diegu ostekoei aurrekook?
Bien bitartean, dena da eskubide, dena da onurabide, dena da prerrogatiba; ez dago eginbeharrik, ez eta betebeharrik ere. Eta horrela doa gure gizartea baleen gisa bere burua akabatzera. Baliteke honezkero Mendebaldeko Europan, eta Euskadin beren-beregi, gure gizartea, egundaino ezagutu dugun moduan hila izatea, baina gu horrekin ez konturatzea. Dena da hedonismo, dena da geurekoikeria, eta ingurumari horretan ostekoek ez dute lekurik. Katea eten aginean dago.