Pentsatu duzu inoiz zenbatetan eman diozun arrazoia ergel bati arrazoirik ez zuela jakin arren?” Gogor hasi du elkarrizketa nire lagunak. Aspaldi elkar ikusi gabe, zerbait hartzeko geratu gara eta ezer eskatu baino lehen, aurreratu dit bizitzaren fase berri batean sartuta dagoela: banandu berri da eta bat batean dena ikusten du inoiz baino argiago. Eta argi ikusten hasi den gauzen artean, hau: aurrerantzean ez dio atentziorik eskainiko bere atentzioa merezi ez duen inori, orain arte hala egin badu ere. “Pentsatu duzu inoiz zenbat baboren berbaldi huts irentsi ditugun, formal-formal, buruarekin baiezko keinua eginez, ez mintzeko, ondo sentiarazteko? Zenbat aldiz bihurtu garen harroputz baten publikoa eta behar zuen autoestimurako bitamina?”.
Kontatu didanez, esnatze moduko bat izan da. Bat batean konturatu da emakumeok askotan erakusten diogula miresmena miresten ez dugunari edo arrazoia eman diogula arrazoia ez duenari, txikitatik erakutsi digutelako alboan duguna ondo sentiarazi beharra dugula, ezin dugula inolaz ere haren egoa mindu. Eta irakaspen honen ondorioz, euren buruaz baino hitz egin ez dakitenen hainbat hitzaldi aspergarri pairatu behar izan ditugula irribarre batekin.
Ba nahikoa da, esan dit, eskuarekin mahaiari kolpe bat emanez: “Ez dut ergel gehiago jasango. Are gehiago, euren bizitza zein interesgarria den eta euren maila intelektuala zein altua den erakutsi nahi didan hurrengo baboari esango diot antzerki hau bukatzeko garaia heldu dela eta publikoa aspertuta duela jada. Garai bateko publiko emana jada ez dela existitzen”.
Eta hala, bere jarrera justizia poetikotzat jo ondoren, kopa altxatu eta zin eginarazi dit nik ere ez dudala antzerki zahar horrekin jarraituko. Ez dut hitza ematea beste erremediorik izan. Irribarrez egin dut etxerako bidea, arindura ezezagun bat sentituz.