Mendebaldeko 25 herrialdek salatu dute ohar baten bidez Israel Gazan burutzen ari den sarraskia. Israelek, jakina, berehala erantzun die: guztiaren erruduna Hamas dela, eta erakunde horri eskatu behar dizkiotela kontuak (ohar horretan 25 herrialde horiek Hamas gaitzetsi eta gatibuak askatzeko eskatzen badute ere). Berdin dio: Gazan umeak gosez hiltzen ikusi ditugu; “laguntza humanitarioa” jasotzera joaten direnak tiroz hiltzen dituzte; Gazako eliza katoliko bakarraren kontrako erasoan hildakoak egon dira; Marwan al Hams medikua, kanpaina-ospitaleen arduraduna, atxilotu berri du Israelek; armadak lurrez eraso du Deir al-Balah hiria; egunero dugu hildako gehiago; Gazako lurraldearen % 90 dago ebakuazio agindupean. Eta guztiok begiak Gazan ditugunez, Israelgo armadak edo “kolonoek” Jerusalemen eta Zisjordania osoan betikoa egiten segitzen dute: atxiloketak, aziendak hil, olibondoak erre, etxeak suntsitu. Izugarrikerien zerrendak ez du amaierarik.

Egia da protestak mundu osoan zabaltzen ari direla; batzuek oihartzun handia izan dute: Glastonburyko jaialdian, adibidez (Bilbon egon den Kneecap taldea, besteak beste), eta orain dela gutxi Royal Opera House-n, artistetako batek Palestinako bandera atera zuenean amaierako agurretan. Ondorioak izango dituzte artista horiek, baina ez horiek bakarrik, Alemanian eta Erresuma Batuan gero eta atxilotu gehiago dago Palestinaren aldeko ekintzetan parte hartzeagatik. Gazan gertatzen ari den ankerkeria salatzea arriskutsua izan daiteke, Nazio Batuetako langile batzuek badute Israelgo mendekuaren berri, sionismoaren atzaparrak luzeak dira.

Badago mugimendu bat, BDZ (Boikota, Desinbertsioa, Zigorrak), BDS ingelesez (Boycott, Divestment, Sanctions), kanpainak antolatzen dituena Israelgo estatua nazioarteko legea betetzera behartzeko. Gurean, ezaguna da, CAF enpresa salatu du. Ez da bakarra. Sidenorrek, presioei esker, ez dio altzairu gehiagorik salduko Israeli. Metro Bilbaok harremanak ditu (zituen?) Israelgo segurtasun-enpresa batekin. Genozidioa gelditzeko dena da beharrezkoa.