Datorren larunbatean, irailaren 20an, eguerdiko 12:00etatik aurrera, ekitaldi berezi bat prestatu du Durangoko Udalak Aramotz auzo berritua inauguratzeko. Ekitaldi honek birgaitze integraleko prozesu zabal baten amaiera adierazten du, auzotarren bizi kalitatea hobetzeko eta Durango udalerri jasangarriago, inklusiboago eta kohesionatuago bat lortzeko helburuarekin.
Ekitaldia Opengela eraikinaren aurrean izango da, eta bertan egongo dira tokiko agintariak, erakundeetako ordezkariak, auzotarren kolektiboak eta herritarrak. Egitarauan musika, dantza, auzoan zehar egingo den bisita gidatua eta lunch irekia izango dira.
Aramotz berri bat, Durango bizigarriago baterako
Aramotz Berritu proiektua Durangoko Udalak bultzatu du 2016az geroztik, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailarekin lankidetzan, Next Generation funts europarren laguntzarekin eta bizilagunen inplikazio zuzena izan duena. Proiektu honi esker, Aramotz auzoa erabat berritu da: berdegune berriak, bizikidetzarako espazioak, azpiegitura modernizatuak eta zerbitzu publikoak errazago eskuratzeko moduan aurkezten da.
Auzoaren eraldaketa hiri-berroneratze jasangarri eta parte-hartzailearen aldeko apustu argi baten ondorio da, eta horrek aukera ematen du Durangon beste eremu batzuetan ere halako ekintzak egitea.
Udalak Durangoko herritar guztiak animatu nahi ditu ekitaldi honetan parte hartzera, ingurunearen hobekuntza fisikoa ez ezik, bizikidetza eta herritarren parte-hartzea indartzea eta pertsona guztientzako hiri hurbilago, atseginago eta bizigarriago bat eraikitzeko apustua ere sinbolizatzen duela.