Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Banatuta

Frantzia bitan banatuta omen dago. Gérard Depardieu aktore handiaren irudia ez ukitzearen aldekoen eta emakumeen kontrako indarkeria eta bortxaketengatik justizia eskatzen dutenen artean. Baina Me too mugimenduko feministen eta aipatu mugimendukoak ez direnen artekoa ere badela uler liteke. Me too mugimenduak emakumea biktima bezala kokatzen duela salatzen dute bigarrenek. Me too-koek, ordea, emakumeari sinisten diotela esatea zein garrantzitsua den azpimarratzen. Dani Alvesen kasuan argi geratu da, zenbat kostatzen den biktimari sinestea, biktimaren esana zenbatero jartzen den zalantzan. Frantzian, ordea, bada beste pentsamendu korronte bat, emakume eta gizonen arteko berdintasuna emakumea gizonezkoaren mundu erdian kokatuta egitea bultzatzen duena. Emakumea biktima gisa tratatu gabe, alegia.

Depardieuk eman izan dituen elkarrizketa askotarikoen artean, batek izugarri kolpatu gintuen bere momentuan. Ea gaztetan bortxatzailea izan ote zen galdetu zioten. Eta, berak, baietz erantzun zuen. Garai hartan, ohikoa zen bezala.

Erantzunok eman zituenean, inor gutxi asaldatu zen, nahiz eta, badaezpada, Cyrano de Bergerac filmean egindako interpretazio bikainagatik ez zioten saririk eman. Egiatik asko zuten Depardieuren hitzek. Garai batean, eta ez gara hain urrutikoez hitz egiten ari, ohikoa zen iruzkin sexistak aireratzea, ukituak egitea, edota boterea erabiltzea sexu menperaketarako. Me too mugimenduaren aurrean kokatzen diren emakumeek diote, garai hartan, sedukzioa bera zela, jada, umiliagarria eta bortxazkoa emakumearentzat. Zelai-joko hartatik abiatzen garela. Betidanik gustatu izan zait Frantzia zergatik banatzen den ulertzen saiatzea. Datorrena aurretik ikusten laguntzen digu. Beraz, beharbada, erasotzaileari galdetu beharko genioke, ustez onetsia izan zen sexu harremanaren edo sarketaren aurretik, sedukzio eremua zein izan zen. Eta errugabetasun-presuntzioarekin batera, epaitu beharko litzateke baita ere, emakumearentzat zein mailatan izan zen bortxazkoa sedukzio eremua bera. Boterea, izan ere, tresna umiliagarria bezain suntsitzailea baita.