Jaungoikoaren graziako bi mila eta hemeretzigarren urteko irailaren 11n, Errolan donearen eta San Pafnuzio Egiptokoaren egunean, Begoñako Errepublikako Txurdinagako barrutian, 12:07an, honelaxe diotso andrazko gazte batek beste andrazko gazte bati: “Hi, lagun, nik alua daukadalako ohorea gizonezko batek irabazi behar ote du?”. (Cervantesera batuko jatorrizko bertsioan: “Tía, ¿por qué tengo yo una raja y el que se lleva el mérito es él?”). Andrazko gazte hark arrangura bortitza agertu zion lagunari, eta, nire aburuz, arrangura hura zeharo bidezkoa izan zen.

Izan ere, andrazko gazte horren arranguragatik nago meritokraziaren alde; norbanakoa, berak egiten duen onaren, txarraren eta badaezpadakoaren arabera, epaitu behar dugu. Ez urlia izateagatik, bai; ez berendia izateagatik, ez; ez eta sandia izateagatik, badaezpada. Hain zuzen ere, badira gizaki txarrak gauza onak egiten dituztenak, eta gizaki onak gauza txarrak egiten dituztenak. Sexuak, generoak ez dio. Nork zer egiten duen aztertu behar da.

Eta horrela heltzen gara Nazio Batuen 1945eko ekainaren 26ko Gutunaren 1.3 artikulura: “Nazioarteko lankidetza gauzatzea, diskriminaziorik egin gabe, arraza-, sexu-, hizkuntza- edo erlijio-arrazoiengatik, nazioarteko arazoak konpontze aldera, betiere arazo horiek ekonomia, gizarte, kultura edo giza izaerakoak direnean, eta guztion giza eskubideen nahiz oinarrizko askatasunen gaineko errespetua garatu nahiz suspertze aldera”.

Eta horrela heltzen gara Nazio Batuen Erakundearen 1948ko abenduaren 10eko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren 2. artikulura: “Gizaki orori dagozkio adierazpen honetako eskubide eta askatasunak, eta ez da inor bereiziko arraza, kolorea, sexua, hizkuntza, erlijioa, politikako edo bestelako iritzia, sorterria edo gizarteko jatorria, ekonomia-maila, jaiotza edo beste inolako gorabeheragatik”. Hala ere, Espainiako Erresuman, ezberdinak gara andrazkoak eta gizonezkook Zigor Kodearen arabera, besteak beste. Noiz arte?