VIKTOR Ullmann (1898-1944) musikagileak Der Kaiser von Atlantis, oder Die Tod-Verweigerung (Atlantidako enperadorea, edo Herioaren ukoa) ekitaldi bakarreko ganbera-opera idatzi zuen Peter Kien-en libretoarekin 1943an Terezín-go ghetto/kontzentrazio-esparruan zegoen bitartean. Entseguak egin zituzten arren (musika-bizitza oso oparoa izan zen Terezínen), opera ez zen inoiz bertan antzeztu: izan ere, agintari nazientzat Atlantidako enperadore horren eta Hitlerren arteko antzekotasunak nabarmenegiak ziren. Enperadorearen ankerkeria hain da gehiegizkoa (une batean guztien aurkako guztien gerra amaigabea deklaratzen du), ezen Herioak greba egitea erabakitzen duen: handik aurrera ez da inor hilko, ez da ezer hilko, bizitzaren eta, beraz, heriotzaren ibilbide ohikoa eten egiten delarik, anabasa sortuz (borrokan dauden soldaduak ezin dira hil). Bukaeran, opera kontuetan ez dago spoilerrik, Herioa bere zereginak berrartzeko prest dago, baldin eta lehen hildakoa enperadorea bera bada. “Ez duzue alferrik hartuko Herioaren izen handia!” da operaren azken esaldia, gainerako pertsonaiek kantatzen dutena, Bachen koralak apur bat gogorarazten duen estilo batekin.
Egokia iruditu zait Viktor Ullmannen opera hona ekartzea, urteko lehen zutabe honetara, urte hasieran arruntak baitira bakearen aldeko aldarrikapenak eta gauza horiek. Baina gure garai honetan Herioak egiten duen greba bakarra greba japoniarra da, antza; asko dira munduan bizitzaren eta heriotzaren ibilbide ohikoa eten egin nahi dutenak heriotzaren alde beti. Palestina da burura etortzen zaidan lehen adibidea, 45.000 hildako baino gehiago dagoeneko, eta irakurle bakoitzak osa dezake zerrenda. Uste dut, gainera, politika batzuen helburua (osasunaz, ingurumenaz edo migrazioaz aritzean) jendea hiltzen uztea dela besterik gabe, nekropolitikak dira, azken finean. Eskuin muturrari bizitza berdin zaio, eta 2025ean indartsu datoz eskuin muturra eta Herioa.
Der Kaiser von Atlantis 1975ean, orain dela 50 urte, taularatu zen lehen aldiz Amsterdamen. Viktor Ullmann Auschwitzen hil zuten.