Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Okupak desokupatu?

Espainiako Parlamentua kalitaterik txikieneko unean murgilduta dago. Parlamentuko ganbera bietan ikusten ditugun eztabaidek edozein taberna-txokotako lekurik ilunenean jazotzen direla ematen dute. Barkatu biezadate tabernetako giroan gora-goraka diharduten txikitero goi-arnasdunek. Estetika galduta, oraingoan etika galdu dute hainbat parlamentarik. Haiek duten karguagatik etikari eutsi beharko liokete; izan ere, herriaren ordezkariak dira, haietako zenbaitek hori ahaztu dutela ematen badu ere.

Kobratzen dutenaren truk, berriz, estetika zaindu beharko lukete. Hori erabat galduta dute. Non dago hurkoarenganako begirunea? Non dago besteren iritziak entzun, argudioez erantzun eta herriaren onerako beharrezkoa denarengatik akordio bat jadeste hori? Ahaztu ote dute zertarako izan diren aukeratuak? Hala ematen du. Hori dela eta, une honetan Espainiako Parlamentua heziketarik jaso gabeko jendaila askoz beteta dagoela ematen du. Laburbilduz, estetika ez ezik, etika ere desagertu egin da Zirkuluerditik.

Azken alea asteon ikusi dugu. Espainiako Gobernuko presidenteak eta haren taldeak Podemosen zemaia edota xantaia onartu dute, inoren etxean zuzenbidearen aurka sartuta dauden edozein batzuek iraun ahal izan dezaten Espainiako Konstituzioaren 33. artikuluak berak babesten duen eskubidea ukatuz gainerako hiritarrei. Okupa horiek delitu bat egiten dute inoren etxean ugazaben baimen barik sartzen direnean. Hori arteztu beharrean, agintean edozeren truk irautearren, ez dute Espainiako Erresumako Konstituzioa zaindu. Gauza batzuetarako hain punttalarko eta beste batzuetarako, berriz, hain narras… Ene, bada!

Estetika eta etika galduta, balio barik, lotsa barik, ipar barik, eguneango biziraupen hutsa helburu, edozer onar daiteke, bai eta ordezkatuen interesen aurka doazen erabakiak hartu ere. Okerrena hauxe da: ordezkatuen interesen aurretik ordezkarien interesak jartzea. Aurpegi gogorra eduki behar da geroan ere ordezkatuoi botoa eskatzeko! Eta badute!