Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Trumpen legitimitatea

Donald Trumpek Estatu Batuetako hauteskundeak irabazi eta gero hamaika iritzi plazaratu da haren garaipenaren gainean. Ematen du europar ‘aurrerakoi’ askori ez zaiela Ameriketako emaitza gustatu. Denetik entzun da: amerikarrentzat txarra izango ei da Trump presidente gertatzea; munduarentzat galgarria izango bide da haren garaitza; estatubatuarrek ez ei dakite botoa ematen; hango emaitza ez omen da legitimoa eta abar. Jakina, kontu bat emaitzak norberaren gustukoak izatea da, eta beste bat, erabat bestelakoa, haren garaitza legitimoa izatea.

Betiere, hedabideetara agertu diren solaskide ‘orojakile’ horiek hango emaitzen aurka darasatenean, haien ezjakite mundiala darakusate. Badaezpada, datu demografiko bat eman nahi dut: Estatu Batuetako biztanleen % 58,88 zuriak dira; hispanoak % 19,1; beltzak edo afro-amerikarrak % 12,62; asiarrak % 6,08; eta beste gutxiengo batzuk % 8 dira gutxi gorabehera. Ematen du, batzuek hedabideetan esan dutenaren arabera, Estatu Batuetako biztanleen osaera Hollywoodeko filmetan darakuskigutena dela.

Beste kontu bat eufemismoen erabilera da. Ehuneko ia ehunek ‘afro-amerikar’ erabili dute, usterik eta hori berdinzaleagoa dela ‘beltz’ berba erabiltzea baino. Noiz konturatuko ote gara berba baten esangura eta haren erabilera kontu bi direla? Areago, ez ote da askozaz iraingarriagoa ‘afro-amerikar’ erabiltzea, berak nabarmen adierazten duelako nondik datorren hala izendatua dena? Azaluskeriaren edo irudikeriaren erresuman Versailles dotoreagoa da Parisko iparraldeko aldiriak baino.

Estatu Batuetako hauteskundeen gainean berba egiten badugu hango gizartea benetan ezagutu barik, kontuan hartu barik hango klase ertaina eta beheko klasea osatzen dituzten ‘redneck’ak ‘establishment’az gogaituta daudela, gaitz asmatuko dugu iritzi jakinduna ematen. Horrelakoek gomutara dakarkidate EAJk Eusko Legebiltzarreko 33 parlamentariak atera zituenean Aznarrek esan zuena: “Euskaldunak erratu egin dira botoa ematean”.