Ni ere banoa X plataformatik. Ez dut oraindik egin, lehenago han ditudan nire kontaktuak Bluesky-ra igarotzeko modua aztertu nahi baitut. Dagoeneko aurkitu ditut zenbait lagun eta jarraitzaile Bluesky-n. Plataforma honek ez du publizitaterik eta, besteak beste, erabiltzaileari aukera ematen dio bere datuak beste plataforma batzuetara erraz eramateko, baldin eta egun batean Elon Musk bezalako norbait agertzen bada enpresaren kontrola hartzen eta algoritmoak bere zerbitzura jartzen, X-ekin gertatu bezala. Egia esan, aspaldi nuen gogoa sare sozial honetatik alde egiteko, nazkatuta naukalako Elon Muskek (plataforman sartzen naizen bakoitzean ateratzen baitzait bere irribarre nazkagarria), baina batez ere egunero mezu, irudi eta bideo sexista eta misogino ugari jasotzen ditudalako sare sozial honen bitartez. Baina baita ere X gorrotoaren, azalkeriaren eta gustatzen ez zaidan mundu plastifikatuaren plataforma bihurtu delako. Duela asko ohartarazi ziguten sare sozialek gizartearen banaketa eta muturreko jarrerak indartzen dituztela, azkenean espazio horietan zuk bezala pentsatzen dutenak entzuten dituzulako bakarrik. Horregatik izan ditut zalantzak. Agian Musken ideologiatik urrun gaudenok bertan geratu beharko ginateke, denetariko iritziak entzun daitezen bertan. Baina orain ordua iritsi dela uste dut. Musken zeregina Trumpen gobernuan zerbitzu publikoak murriztea izango delarik, politika publikoetan aritzea Monopoly-an jokatzea bezalakoa dela pentsatzen duen halako pertsona baten enpresan geratzea zaila egiten zait. Beraz, ondo begiratuko dut nola egin dezakedan Twitterren irabazitako guztia ez galtzeko, jarraitzen ditudan eta jarraitzen nauten pertsona horiek guztiekin harremanetan jarraitzeko. Momentuz banago Bluesky plataforman, bertan gutxika hainbat lagun aurkitzen. Eta, egia esan, Elon Musken plataformaren belztasunaren aurrea, plataforma berrri honen kolore urdinak itxaropena eman dit. Beraz, erabakia hartuta: X batekin ezabatuko dut nire bizitzatik Musk eta bere lagun arriskutsuen espazio digitala. l