Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Juanra Madariaga

Klima-aldaketaz

Berriz bildu dira munduko 200 herrialdetako ordezkariak gure globoaren atmosferan dagoen kutsadurari stop esateko, gure biodibertsitatearen suntsipenari stop esateko, gure lurraren tenperatuaren igoerari stop esateko. Baina non egingo da azaroaren 11tik 22ra bitartean luzatuko den goi-bilera? Bada, petrolioz inguraturik dagoen Azerbaijango Baku hirian. Eta kuriosoa da bertan izatea, izan ere, estatu horrek esan du gasaren ekoizpena % 50 handituko dela hamarkada honetan, Europar Batasunaren eskariari erantzuteko. Erregai fosilei uzteko joera indartzeko sinaturik dagoen konpromisoari ez diote jaramon handirik egingo, beraz.

Batzar nagusi hori zalantza askorekin abiatu da aste honetan. Lehen lurrikarak Donald Trump eskuindar negazionista klimatikoak ekarri du, berak eskuratu baitu Estatu Batuetako boterea. Eta gainera, ezin dute itsuarena egin munduan gertatzen ari denaren aurrean: mundua tentsio bizian dago, bi gerra krudel, Ukrainan eta Ekialde Hurbilean, dena deuseztatzen ari direlako, tartean milaka hildakoren balantzearekin.

Bakuko COP29 horren eginkizunik printzipalena klima-aldaketa geldiarazteko oinarriak bidean jarri eta sendotzea izango da. Baina antza denez, egunotako gai nagusia diru bilketa izango da, hots, herrialde aberatsek garapen bidean daudenei klima-aldaketara egokitzeko eta isurketak neurtzeko eta gutxitzeko laguntzeko beharrezkoa den dirua jarri beharko dute. Orain arte, herrialdeek urtean 100.000 milioi dolar emateko ados jarri ziren, baina NBErako adituek diote 2,4 bilioiak beharko direla hemendik 2030era arte. Diru hori, printzipioz, klima-aldaketaren aurkako borroka finantzatzeko erabiliko da.

Askatu beharreko korapiloa galanta da: nok aterako du poltsikotik kantitate hori? Alde batetik herrialde garatuek osatutako bloke bat dago, klimaren alarmari erantzun beharrean gerran inbertitu nahi dutenak, eta gero, hegoalde handia dago, flakaturik, mengelago.

Argi dagoena da helburu kolektibo eta global bat ezarri behar dela, eta ez negoziotan murgildu, klima-aldaketak gero eta prezio altuagoa baitu.