Hiru aldiz deitu dizu azken bi asteetan. Zure lagunak kafe bat hartu nahi du zurekin. Hiru aldiz uko egin diozu gonbidapenari. Lehen aldian ezin izan zenion erantzun, lan-bilera batean zeunden, eta gero ahaztu egin zitzaizun deia itzultzea, bileretatik beti ateratzen baitzara lan gehiagorekin. Bigarren aldian ez zizun deitu, mezu bat bidali zizun, baina ezinezkoa zitzaizun une horretan elkartzea: hainbat lan bukatu behar zenituen, gero korrika atera zure semea ikastolatik jasotzeko, gero supermerkatutik pasatu zure etxeko hozkailuak pena ematen zuelako, eta ondoren, eguna bukatzeko, ingeleseko klasea zenuelako iluntzean. Tarterik ez. Hirugarren aldiz saiatu zen, eta orduan posible zenuen, baina erantzun zenion bilerak zenituela bata bestearen atzetik eta ezin izango zenuela. Ostirala zen eta zure gorputzak ezin zuen gehiago.
Gaur dei galdu bat aurkitu duzu zure mugikorrean, ezagutzen ez duzun zenbaki bat. Deitu eta beste aldean zure lagunaren bikotekidearen ahotsa entzun duzu. Zure lagunari iktusa eman diola esan dizu, baina lasai egoteko, medikuek esaten dutelako bere onera etorriko dela, errehabilitazioa beharko duela denbora batez, baina denborarekin bizitza normala egin ahal izango duela berriro.
Zerbait hautsi zaizu barruan. Kristal zatiak sentitu dituzu eztarritik behera. Eskegi eta egiten ari zinen guztia utzi duzu, bat-batean ezer ez da ospitalera lehenbailehen iritsi eta han egotea bezain garrantzitsua. Zure lagunaren ondoan egotea da lehentasuna.
Ospitalera bidean, zure lagunaren bikotekidearen hitzak gogoratu dituzu: “Bizitza normala egin ahal izango du berriro”. Bizitza normala. Eta ezetz erabaki duzu, zuk ez duzula nahi bizitza normalera itzuli normaltasuna baldin bada zure laguna ezin ikustea eta zure eguneroko premiazko zereginak egiteak suposatzen badu benetan garrantzizkoak diren gauzak ahaztea: maite dituzun pertsonei zure denbora eskaintzea, adibidez.