Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Jose Manuel Bujanda

Txiki-txikitan

Askotan galdetu diot neure buruari zergatik gauza edo egoera batzuk, pertsonen izenak edota aurpegiak, telefono zenbakiak edo urtebetetzeak gogoratzeko ahalmena dugun, ala ez. Txiki-txikitango kontuekin gauza bera. Zergatik garunean geratu zaizkigu argazki batzuk erabat itsatsita eta betirako, eta besteak ez. Ez dakit zenbat urte izango nituen, baina gogoan jangelako mahaiko izkinek behin baino gehiagotan neure kopetan zauri txikiak edo ubelduak uzten zizkidatela. Haur oso txikia beraz. Gogoan behin mahats ale bat eztarrian geratu zitzaidala erdi trabatuta, ez atzera, ez aurrera, gogoan nola izutu nintzen, nola osaba Joakinek ahoa ireki, bi behatz sartu ahoan eta mahats alea atera Ezin ahaztu amona Ramonaren belaunetan eserita sukalde ekonomiko haietako baten bero goxoan, atea itxita, hotza sukalde alboko pasilloan. Nola amona Ramonak egurrezko armairu bat ireki eta txokolateko ale erdia ematen zidan konplizitate puntu batez. Gogoan etxe ondoko oilategian amonaren eskutik sartu arrautza bila eta oilarrak salto eta mokoarekin goi ezpainean zauri odoltsua eragin zidan eta ondoren, begiak itxi eta ikusi egiten dut, amona Ramonak aitzurra eskutan hartu eta oilarra bertan seko utzi errabia osoz 3-4 atxurkada eman lepoa zintzilik utzi arte. Ezin ahaztu Ramona hiltzean ama Xixilik negar malkoka ni altxatu hildako amonaren masailean agur muxua emateko. Ezin ulertu amaren negar hura. Kaiku gogoan etxeko txakur txikia, marroia, lodikotea, lapurra. Kaiku-lapurra zeren Añorgako N-1 errepidea konpontzen ari ziren langileen bokadiloak harrapatu eta ziztu bizian alde mendirantz langileon birau, garrasi eta zalaparta artean. Ni disimulatuz txakurrarekin ez nuela harremanik adieraziz. Kaiku maite nuen, ni ikusi eta aurreko atzaparrek nire aurpegitxoa laztantzen zuten amultsuki. Negarrari ekin nion goiza batean zauriz beteta etxeko ateko atzealdean hila azaldu zenean beste txakur etsai handiago batekin izandako gau borrokan. Argazki oso txertatuak. Batzuk bai, gehienak ez. Zergatik?