Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Noiz arte?

Ekialde Hurbileko gatazka geroago eta zabalagotzen eta sarriagotzen doa. Tiriar eta troiarrek arrazoia nork bere buruari egozten diote tai gabe. Beti da txarragoa eta zitalagoa aurkaria norbera baino. Bakoitzaren hildakoak norberak egiten dituen sarraskiak burutzeko alibi bihurtu dira, eta aitzakia, akiakula baino ez dira. Kontua da alde bakoitzak geroago eta min handiagoa egin nahi diola besteari. “Bestea” ezinbestekoa da norberaren jarrera bihozgabea zuritzeko. Hala ere, alde bietako ezein ez da konturatzen “bestea” norbera dela ispiluan.

Betiere, batak besteari erasotzeko betiereko borroka horretan “hiru marran” jokoan jazo daitekeena gerta daiteke: betiereko partzea, berdinketa amaigabea. Horrek borrokako alde biak suntsitzea ekar dezake, eta, txarren-txarrenean, beste guztion suntsitzea ere. Izan ere, inperfekzioa gizatiarra da, betegintzarrea jainkotiarra den neurri berean. Botoi bat garaiz kanpo saka daiteke; dron batek ibilbidea gal dezake; erasoa prestatzen denean une jakin batean ez dauden zibil “berezi” batzuk ager daitezke erasoa gertatzen denean…

Horrela, hildakoak pilatzen doaz. Ez dakit zenbatgarren hildakorengandik aurrera galtzen dugun heriotzaren neurria, sorgortu egiten gara. Izan ere, hildako bakar batek indar handiagoa du norberarengan ez-dakit-zenbat-mila-hildakok baino. Hildako bakar hura pertsona da; mila hildako, zenbaki bat. Horrexek ematen dio gizakumeari gizatasunaren izaria. Lazturaren erresumara heltzen da gizakumea. Geroenean, izuarekin bizi izaten ohitzen da gizakumea… harik eta azken gizakumea hil arte. Bide horretan goaz.

Robert Gravesek esan zuen moduan, guduak gizon zahar batzuek obratzen dituzte beste batzuen seme gazteek euren burua akabatzeko. Hori bai. Gizon zahar horiek euren burua erabat babestuta dihardute; haien ondorengoak zeharo zainduta dituzte; alimaleko dirutzak xahutzen dituzte armetan, bai euren burua gordetzeko, bai “besteak” hiltzeko. Gudu-antolatzaileak hiltzaile koldar negargarriak dira.