Beldur direla diote hainbat futbolari profesionalek. Noren beldur dira? Emakumeak dira haien amesgaiztoa. Zergatik? Sexu-erasoa leporatuko dieten beldur direlako. Eta horregatik sortu dute sexu-adostasunerako kontratu bat. Horrela, harremanak izan aurretik, bi alderdiek zehaztuko dute paper batean zer egiteko baimena ematen dioten besteari. Eta laukitxo batean markatuko dute, adibidez, baimena ematen dioten ahoko sexua izateko, edo baginala, edo uzki-sexua… Eta klausulen artean, “ustekabeko bortxaketa” agertzen da, ustekabean bortxaketa gertatzen bada inolako erantzukizunik ez izateko. Kontratu horretan, batek proposatzen du eta besteak onartu, eta badakigu nori esleitzen dion rol bakoitza kontratu hau idatzi duenak.

Txundituta irakurri nuen albistea, pentsatuz gure bizitzetan txikle bat bezala itsatsita jarraitzen duen matxismo honek une oro nahasten duela baimena kontzesioarekin. Rosa Cobok ondo azaltzen du “La ficción del consentimiento sexual” lanean. Ez da gauza bera harreman bat onartzea edo egiten uztea, eta inoiz ez da ahaztu behar harreman horiek ze testuingurutan gertatzen diren: emakume eta gizonen berdintasun eza eta emakumeen aurkako indarkeriak indarrean jarraitzen duen gizarte batean. Gainera, ezinezkoa da kontratu sozial bat sexu-akordio batekin parekatzea, adostasun sexualean atzera egiteko eskubidea dagoelako, harremana aurrera joan ahala edozein momentutan ezetz esateko eskubidea duelako pertsona batek bestearen jarreran zerbait gustatzen ez bazaio edo antzematen badu deseroso sentiarazten duen jarrera bortitzen bat, adibidez. 

Futbolari horiek benetan bilatzen dutena da lizentzia bat inolako ondoriorik gabe emakumeen gorputzekin nahi dutena egiteko, gizon askok luzaroan egin duten bezala. Beldur direla diote. Gai honen inguruan gizonezkoen biktimismoa gero eta agerikoagoa da. Eta bitartean, Díaz Ayusok iragarri du sexu-indarkeriaren biktima diren gizonetan espezializatutako lehen zentroa irekiko duela indarkeria matxistaren biktimentzako baliabideak murrizten dituen bitartean. Emakumeei beste behin ere gola sartu nahi digute.