Aste honetan inauguratu da Rekalde Aretoan Amaia Molinet artistaren La ideología del amor izeneko bakarkako erakusketa. Bizkaiko Foru Aldundiaren 'Barriek' programaren baitan antolatuta dago, eta irailaren 6ra arte bisitatu ahal izango da.

La ideología del amor erakusketa mugarri berria da artistaren ibilbidean eta Europako hainbat lekutan garatutako aurreko lanak eta Bilboko Burdin Hesiaren inguruan egindako ikerketaren emaitza diren pieza berriak uztartzen dituen ibilbidea artikulatzen du. Hizkuntza eta material desberdinen bitartez Molinetek gerraren aztarnei, paisaiari eta memoria kolektiboari buruzko hausnarketa proposatzen du.

Artistak berak azaltzen duenez, "2018an Bizkaiko Foru Aldundiaren arte-beka jaso nuen, eta 2026an bakarkako erakusketa hau egiten dut Rekalde Aretoan. La ideología del amor proiektua 2022tik aurrera gauzatu zen eta inflexio-puntua izan da nire ibilbide artistikoan".

Proposamenak XX. mendeko Europako eraikin enblematikoak hartzen ditu abiapuntutzat, hala nola antzinako Jugoslaviako  spomenik-ak, monumentu gisa itzultzen den terminoa, edo Atlantikoko kostaldeko bunker naziak. Arkitektura hauek, botere-posizioetatik eraikiak, paisaia eraldatzen dute eta paisaia horren esangura aldatzen dute, eta, aldi berean, ideologia eta narratiba historiko konplexuak proiektatzen dituzte. Ikuspegi kritiko eta garaikide batetik Molinetek elementu hauek memoriaz eta esanahiz betetako sinbolo gisa jorratzen ditu.

Gainera artistak ikuspegi ekofeminista sartzen du gerraren arrastoek markatutako espazio horiek berrinterpretatzeko. Argazki-irudietatik abiatuta ikusmenetik haratago doan lengoaia plastikoa garatzen du, esperientzia sentsorial bihurtzeko. Erakusketak ehungintzan, zementuan edo burdinan  egindako esku-hartzeak biltzen ditu, erakusketa-espazioan zehar jartzen diren material gogorren eta keinu sotilen arteko elkarrizketa sortuz.

"Maitasuna motibazioa zein metodologia da", adierazten du Molinetek. Kontzeptu hori kontinentearen historia zaintzatik, afektutik eta erreparaziotik berrirakurtzeko tresna gisa planteatzen du. Kontakizun dominatzaileen aurrean, artistak arte garaikidearen bidez interpretazio berriak irekitzea proposatzen du, desioa, oroimena eta sentsibilitatea elkartuz.

Amaia Molinet

Amaia Molinet (1988) Arte Ederretan lizentziaduna da eta Arte Garaikide, Teknologiko eta Performatiboan Masterra du Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU). Artista Elkartua izan da Azkuna Zentroan – Alhondiga Bilbaon (2023 – 2025) eta beka eta aintzatespen garrantzitsuak jaso ditu hainbat erakunderen eskutik, hala nola Guggenheim Bilbao Museoa, INJUVE – Kultura Ministerioa, BilbaoArte Fundazioa, Europa Sortzailea programa edo Goethe Institut.

Bere nazioarteko ibilbideak Europako, Amerikako eta Afrika iparraldeko egonaldi artistikoak barne hartzen ditu, baita bakarkako erakusketak ere, adibidez Hosek Contemporary (Berlin) edo Azkuna Zentroa (Bilbo) bezalako espazioetan. Gainera, bere lana erreferentziazko zentro askotan egindako talde-erakusketetan azaldu da, besteak beste, Nafarroako Museoan, San Telmo Museoan, Fabra i Coatsen eta Txileko Santiagoko Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoan.

Erakusketa honekin Rekalde Aretoak eta Barriek programak arte garaikidearen sustapenarekin eta lurraldeari lotutako sorkuntza artistikoaren babesarekin duten konpromisoa berresten dute, egungo panorama artistikoa osatzen duten profesional berriei ikusgarritasuna emanez.