Datorren astelehenean, ekainaren 29an, Bilboko Udalak hasiera emango dio beste urte batez 'Udako Liburutegiak' programari, auzoetara liburutegiak hurbilduz. Udal Liburutegien Sarearen eskutik, uztailaren 17ra arte disfrutatu ahal izango da programa hau Uribarri (Eskolako Landan), Zorrotza (Azoka plazan) eta Elorrieta (Elorrieta parkean) auzoetan. Programa horrek liburuak, aldizkariak, egunkariak eta irakurzaletasuna sustatzeko jarduerak eskainiko ditu hiriko hainbat plazatan.

Ondoren, udako liburutegiak Santutxu (Karmelo plazara), Errekalde (plazara) eta Miribilla (Gernikako lorategietara) auzoetara lekualdatuko dira uztailaren 20tik abuztuaren 7ra.

Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da (jaiegunetan izan ezik), 11:30etik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara. Udalak berriro ekingo dio programa honi, udan irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko helburuarekin.

'Udako liburutegiak plazetan' kanpainaren kartela. B. U.

Zerbitzuak

Beren ohiko zerbitzuez gain (kontsulta, liburuen mailegua, CDak, DVDak, hemeroteka, Interneteko sarbidea, etab.), Bilboko Udal Liburutegiek, udan, gune horietara joaten den publikoari hurbilduko diote irakurketa, honako zerbitzu hauek eskainiz:

Alde batetik, irakurketa zerbitzua: eleberriak, haur eta gazteentzako literatura, aisialdiari buruzko liburuak, autolaguntza eta abar jarriko dira jendearen eskura, baita aldizkariak eta prentsa ere

Bestetik, liburuak mailegatzeko zerbitzua: publikoak etxera eraman ahal izango ditu interesatzen zaizkion liburuak, eta bertan itzuli ezarritako epearen barruan. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako txartelik ez dutenek bertan eskatu ahal izango dute.

Eta azkenik, irakurketa sustatzeko jarduerak: tailerrak, jolasak, ipuin-kontalariak, eta ikuskizunak antolatuko dira haurrentzat.