Espainiako Erresumako epaile batzuek Amnistia Legeari sabotajea egiten dietelako gertatu da Puigdemont presidentearekin gertatu den guztia. Uste dut komenigarria dela ez ahaztea horixe dela guztiaren hasiera, jatorria. Puigdemont jaunak amnistia eskuratu izan balu, aurreko egunean Kataluniako parlamentuan agertu, hitz egin, zalaparta apur bat sortu eta balizko ustekabea azukrea kafesnean bezala urtuko zatekeen Illa sozialista presidente berria hautatzen zuten bitartean. Oraingo albisteak bestelakoak izango lirateke: politika uzten duen ala ez (Puigdemontek ere aut Ceasar aut nihil leloa erabili du, presidentea edo ezer ez), bere alderdiaren barruko eztabaidak estrategiaren inguruan eta gainerako gauza arrunt aspergarri horiek guztiak. Baina ez, atxilotzeko agindua bizirik zegoen, eta dago, eta egoerari etekina ederki atera dio Puigdemontek berriro ere. Orain norena den gogoratzen ez dudan kanta hartan bezala, galdu egin dugu, bai, baina oraindik molestatu ahal dugu. Espainiako oinetakoetan harri-txintxarra izaten segituko du Puigdemontek.

Puigdemonten agertu-desagertu estrategiak hamaika meme, makina bat artikulu, ezin konta ahala haserre piztu ditu Espainiako ezkerrean zein eskuinean (adostasuna esanguratsua da). Batzuek Puigdemont eta Junts eskuinekoak direla azpimarratuz mediterraneo bat deskubritu berri dute, antza. Katalunian mosso-ek erridikulua egin zuten ala ez eztabaidatzen ari dira oraindik, Illa bigarren planoan gelditu zen eta ERC amorratuta dagoela ematen du. Hego Euskal Herriko alderdi abertzaleen artean euskal diskrezioa izan da nagusi, lehendabiziko uneetan isilik egon ziren: ez dut uste EAJ pozik dagoenik Puigdemonten performance-arekin, eta EH Bilduk Esquerra babesten jarraitzen du, Otegi jaunak PSCren eta Esquerraren arteko akordioa goretsi du.

Egia esan, nik primeran eman nuen ostegun osoa, irribarrea ezin aurpegitik kendu. John Williams musikariak Catch me if you can filmerako prestatu zuen soinu-banda izan nuen lagun egun horretan. Merezi du.