Aurreko egunean izan zen. Igande goiza. 10rak aldera. Zerua ilun, odei beltz mehatsugarriak. Haize leun etengabea. Beti, beno, askotan sumatu izan dut haizea geratzen den unean bertan lehen euri tantak. Etxe inguruko taberna batetako terraza batean, estalpean betiere, egunkaria irakurtzen kafetxoa dastatzen mantso mantso. Lasai. Nire munduaren jabe. Ustez. Horrelako batean aldameneko mahi batean bikote bat, senar-emazte agian, etorri berriak gosari mamitsua eskatzen du, guztiz adeitsuki. Hirurogei urtekoak gutxi gora behera. Gizonak lerden itxura, ongi orraztu “brillantina” gehiegitxo ilean, galtza motxak, itxura ona, gazte itxura errepikatu nahian. Horrelako batean eztabaidan hasten dira, emakumea ahots leunaz, baxu. Gizona harroputz gisa biraoka, ahotsa altxatuz ez, garrasika, sekulakoak esaten eta botatzen, “mekaguenka” handik eta hemendik, hitz eta oihu guztiz zatarrak, kolpeka, kolpe guzti bortitzak mahi gainean eskumuturrekin. Nire atzean zeuden. Ni urduritxo. Etxeko giltzak emazteari ahaztu omen zitzaizkion etxeko azken orduan aldatu zuen eta etxean utzitako poltsa batean. Emakumeak “barkatu”ka, barkatu eta barkatu errepikatuz leun leun ia ia negarra zotina eutsi ezinaz, bitartean gizona gero eta lotsagabeago eta nazkarriago: zu tentela zara, ez duzu ezertarako balio, beti pentsatu izan dut zu inozo lela galanta zinela, inozoa bai, memela zara, beti izan zara, ez dakit nola jasaten dudan zure ondoan jarraitzea, damu naiz zuregana hurbil nintzen egun hartaz! Altxatu dira. Gizonaren atzetik emakume gaixoa negar zotinka, burumakur, guztiz lotsatuta. Ni sutan, oso haserre, gorputz txarra eta urduri, zutitu, sutsu eta gogor eraso malapartatu ziztrin horri ala ez, zalantza. Ondorioak, agian, okerrago emakumearentzat. Zin egin nion neure buruari jakingo banu egunen batean nire alaben bati bere bikoteak horrelako erasoa egingo balio nirekin jai zuela eta nire gizon plaza itxura lasai guztiak galduko nituela. Ez niola barkatuko, gerta ala gerta. Lotsa. Amorrua. Nazka.