Etorkinak arazo
Has nadin aitorkizun batekin: etorkinen semea naiz. Onar dezadan ageriko gertakizun hau: euskaldunon artean geroago eta gutxiago onartzen da etorkinen etorrera. Aipa dezadan agerikoa ere baden jazoera honekin: euskal gizarte zahar, zahartu eta berekoi honetan beharrezkoa da gure sistema ordainduko dutenak ekarri eta erakartzea. Laga dezagun, oraingoz behintzat, esaldi nabari honekin: ez inori egin zuk zeure buruarentzat nahi ez duzunik.
Jarrai dezadan kristau gisa beti gogoan daukadan Mateoren ebanjelioko pasarte honekin: “Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez; arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”. Bat-batean konturatu naiz Mateok guri geuri egiten digula dei. Ez darabil edonorentzat (eta, horregatik, inorentzat ere ez) zuzendu ahal den perpausik. Ostera, “zuoi”, hau da, “guri geuri” dagokigun esaldia darabil. Itxurakeria, irudikeria, antzeztea eta egia egiantzeko bihurtzea agortu egin da. Ez du balio gauza bat esan eta beste bat egiteak. Horrek ibilbide laburra du.
Migrazioaren inguruan politika zabal eta bakarra izan behar dugu etorkinak hartzekoak ditugun herrialdeok. Horren inguruko erabaki argia agertuko duen politika. Hartzaileak etorkinak bezain ondo zainduko dituen politika. Bestela, jai da! Areago, zuk, agintean zauden horrek, zeure herriarentzat onuragarriak diren politikak ezartzen jarraitu nahi baduzu, agintean egoteko legitimitatea ematen dizutenen babesa behar duzu. Bestela, alferrik da! Hurrengo deialdian, zu ez zara inon izango, alajaina!
Agindutako Lurrera etorri nahi dute geure eremutik kanpo txiro bizi direnek, etorkizun hobea nahi dute. Haiek hartu behar ditugunok, ostera, etorkinen etorrera eraso eta mehatxu gisa hartu ohi ditugu, hedabideek hori iragartzen badute batez ere. Mezuak egoki bideratzen ez badira, etorkinak arazo dira; hala ere, benetako arazoa hauxe da: nork eta zelan hartu.