ITZELA izaten ari da Euskal Herria zeharkatzen ari den suge koloretsu euskalduna. Geografia osoan barna, jendez gainezka egon dira erronkarako prestatu diren bideak. Eguneroko irudiak ikusteko grina piztu zaigu askori. Hauxe une askotako pentsamendua: Non egongo ote da orain? Zenbat euskaldun prestu arituko dira une honetan bertan lekukoa eramaten edota eskuan daramanari berotasun pixka bat ematen? Ordu txikitan nork egiten du korrika? Nolako goiznabarrak izango dira korrikalarien begietan agertuko direnak?

Ahal den guztietan zuzeneko irudietan murgiltzen gara guztiok, eta toki horretan egoteko gogoa pizten zaigu. Irudiotan ohartu egiten gara jendearen kemenaz, jendearen atxikimenduaz eta korrika ere egiteko gogoaz.

Eta hala, txapela, abarkak eta guzti daramatzan baserritar zaharra ikusi dugu bide bazterrean, hasieran txaloka, baina gero, barruko bulkada batek astinduta, tropelean sartuta modu motelean, bere abiaduran euskararen aldeko pausuak emanez; edota, kotxe konponketa-lantegitik arrapaladan atera den mekanikoa; edota, emakume migratu hori, seme-alabak ondoan dituela, eta aurpegian irri zabal batez doala; edota laborarien lana eta beharra aldarrikatzeko traktorean etorri den langilea; edota Erriberagoitia inguruan, zaldiarekin korrika egitera etorri den gaztea; edota mozorroturik etorri direnak; edota dantzaldi batean hainbat metro eman dituztenak; edota….

Askotan, lehenengo lerro horretan begiak jarri beharrean, atzean gelditzen direnen nekeaz ohartzen naiz ni. Ahal izan duten guztia eman dute korrikaldian; batzuek orduak eta kilometroak, eta beste batzuek, zaharrenak tarteko, metro eskas batzuk, arnas betean, ia itolarrian. Berdin da, lekukoa eta euskara guztiona da, eta denek ematen dute pitin bat.

Lekukoak, energia sorgune horrek, jende hori guztia biltzeko gaitasun magikoa du, herri bat egituratzeko eta kohesionatzeko ahalmena. Herri harroa baita gurea. Gaur Bilbotarron eguna da, eguerdi ostetik aurrera hainbat tokitan ibiliko da Korrika. Aukera duzu oraindik sugearen parte izateko, eta energia eta emozio hori xurgatzeko. Egin Korrika!