Gabonetako gehiegikeriak iragan dirlakoan nago. Olentzerok asko jan du, ai urde tripaundia!, eta geu seguruenik antzera ibili gara. Errege eguna falta da oraindik, baina egun horretako tripa-protokoloa ezin da konparatu aurreko egunetan egin ditugun otoruntzekin. Ume batzuen eguna izango da, jostailu berrien eguna, dibertsio eta irribarreen eguna, besterik ez.

Gabonetako egun horietan ohiko bizimodutik at egiten dugun parentesiaren atea itxi behar da. Bestelako janariak, urdaiazpikoa, otarrainxkak, izokina, lupina, arkumea, eta pastelak, turroiak, txokolateak (azukrearen jaia),… irentsi egiten ditugu hainbat egunez. Argi dago sasoi berezia dela, eta bertan, oso desberdin jan eta edan egiten dugula, baina askotan gastronomiaren apologia astronomikoa egiten da, benetan horretarako beharra balego legez.

Eta nolakoa izaten da errutinarako geroko buelta? Seguruenik, asko eta asko errudun sentituko dira, betez ere, gorputza eta metabolismoa zaintzeko prozesura hasita dutenak, argaltzeko dietaren batekin dabiltzanak, edo besterik gabe, loditzeko joera dutenak, mugarik jarri gabe, eta deskontrol pixka batekin, edariekin eta bestelako gutiziekin pasatu egin direnak. Baina, ohitura sakonki errotua dugu gure artean, eta moltsetako diruaren hotsa oso garbi entzuten ez bada ere, sos-mugimendua handitu dugu egunotan, ia pobretu arte.

Hasi berri den urteak janari horietan egindako gastu guztiak gogoraraziko dizkigu urtarrilean puztuko diren prezio berriekin, eta agian damua hartuko dugu, dirua modu horretan xahutzeagatik, baina gure bizimoduaren betekizun soziala da, eta garaian garaikoa.

Betiko legez, urtea hastearekin bat eginez, poltsikoa ahulago sentituko dugu, hil honetako aldapa aldapatsuago bilakatuko zaigu urte berriko heroiei. Aste honetako albisteetan entzun dugu argindarra eta gasaren prezioak igoko direla, baina, premia handiko elikagaien (esnea, ogia, arrautzak, barazkiak,…) BEZaren beherapena mantenduko dela. Udal zergak garestituko dira, hortaz, zaborrak, saneamendua, ura garestiagoak.

Horretaz aparte, dena berdin, ezta?