Espainiako traineru txapelketak ez dau ezelango ezustekorik ekarri. Orio zan faborito nagusia banderea irabazteko eta Iker Zabalaren gizonek ez dabe huts egin. Kontuak kontu, bost estropada jokatu dira azken asteetan –hiru txapelketak eta Mutriku eta Lekeitioko banderak– eta oriotarrek beste horrenbeste garaipen eskuratu ditue. Ganera, badago azpimarratzea merezi dauen beste kontu bat. Gipuzkoa eta Euskadiko txapelketetan Donostiarrak estu hartu eban Orio eta bien arteko aldea oso txikia izan bazan be, Meira-Moañan, ostera, oriotarrek hamabi segunduko aldea kendu eutsoen bigarrenari eta hamazortzikoa hirugarrenari, Zierbenari. Eta hori, ur baretan, olatu barik. Gaur gaurkoz, Oriok erakutsi dau ganerako traineru guztien ganetik dagoala. Zabalak, eutsi egin deutso igaz ia estropada guztiak irabazi ebazan plantilearen oinarri nagusiari eta indartu be egin dau.

Esan beharrik be ez dago, holan segidu ezkero Oriok errekor guztiak apurtu leikezala. Aurreko denporaldian, Gorka Aranberri eta enparauek errekor barria ezarri eben Eusko Label Ligan, hamasei estropada irabazita hogei jardunalditan. Lau bandera galdu ebezan: Hirugarren jardunaldiko estropadan, Donostian, etxeko traineruaren eta Bermeo-Urdaibairen atzetik sailkatu zan Orio, minutu erditik gorako aldea galduta ganera. Bostgarren jardunaldian, Zierbenak eskuratu eban garaipena Pasaian jokatutako erlojupeko estropadan. Hamargarrenean, galipoek barriro hartu eutsoen aurrea oriotarrei segundu bi eskaseko aldeagaz. Azkenik, Getarian, etxe alboan, jaso eban denporaldiko azken porrota Iker Zabalaren ekipoak. Orduan, hirugarren sailkatu zan Zierbena eta Getariaren atzetik. Hortik aurrera, baina, estropada guztiak irabazi ebazan, Eusko Label Ligan zein Kontxan.

Iker Zabalaren irabazle sena ezagututa, garbi dago estropada guztiak irabaztea dala oriotarren aurtengo helburu nagusia. Oso gatxa da lehia guztietan irabazle izatea, faktore ugari agertu daitekezalako: Huts egiteak, eguraldi aldaketak eta abar. Edozelan be, garbi dago –gauzak aldatzen ez badira behintzat– Orio hurre ibiliko da aitatutako helburua betetzetik. 2026 urteko Eusko Label Ligan arraun talde guztiek gitxienez harrobiko bost arraunlari ontziratu beharko ditue estropada guztietan. Arau barri horrek, jakina, eragina eukiko dau zenbait talderen errendimenduan. Ez dot uste Orioren kasua izango danik.

Zierbena izan da Bizkaiko ordezkari bakarra Espainiako txapelketan eta hirugarren sailkatu da irabazlearengandik 18 segundora. Orain arte ikusitakoaren arabera, aurtengo Zierbena ez da igaz Eusko Label Ligan hiru garaipen lortzeko gauza izan zan ekipoa. Aurreko urteko Espainiako txapelketan, Dani Perezek zuzendutako taldea bigarren sailkatu zan Orioren atzetik baina bost segundora bakarrik. Denporaldia hasi baino ez da egin –ligea hondino ez da hasi– eta itxaron daigun galipoek gorantz egitea.

Eusko Label Liga irabazteko faborito argia Orio bada, ez dago bape argi zer jazoko dan sailkapenaren beheko aldean. Parekotasun handia aurreikusten da, eta maileari eusteko borrokan lehiatuko diran taldeen artean Ares eta Chapela egongo dira. Espainiako txapelketan lehiatu dira biak eta egia esateko ez dabe goi mailarik erakutsi. Aresek kontsolazino txandea irabazi eban eta Chapela azken aurreko postuan sailkatu zan. Ustez behintzat, ez da barri txarra gure traineruentzat.