Aberrigintza herri oso baten eginkizuna da, egunean-egunean egiten dena, herri horretako gizartearen arlo guztietan garatzen dena. Itsu-lana da, egin barik geldituz gero haren mentsa igarrian geratzen dena. Berbarako, euskaldunok gure aberria eremu guztietan landu behar dugu. Garapenak ez du zertan berdina izan eremuotan. Esparru bakoitzak badu berezitasunik besteekin alderatuz gero. Halandaze, barruti bakoitzaren arabera moldatu behar dugu jarduna. Edozelan ere, aberkide bakoitzak jakin behar du zein den haren eginkizuna eremu bakoitzean. Gaurkoan, eremurik oinarrizkoena jorratuko dut: aberkideak sortzea.

Euskal Herriaren hiru zati administratiboetako baten datuak ekarriko ditut hizpidera: Euskal Autonomia Erkidegoaren hiru urtetako datuak hauek dira: 1975. urtean, 39.646 lagun jaio ziren, eta jaiotza-tasa 19,1ekoa zen 1.000 biztanleko; 2000. urtean, 17.136 lagun jaio ziren, eta tasa 8,3koa izan zen 1.000 biztanleko; azkenik, 2022. urtean, 13.613 ume jaio ziren, 6,1eko tasarekin 1.000 biztanleko. Horixe da egia gordina. Norbaitek behin esan zuen moduan, “arrakastaz hilgo gara” herri gisa. Europako herririk aurreratuenetakotzat dugu geure burua. Betiere, zertan gara aurreratuak? Gure herria hiltzen uzten? Bide horretan, ez da zalantzarik, oso aurrean gabiltza.

Kontuan hartzen ote dugu gure herriaren etorkizuna gure egunerokoan? Ez berbaz, ezpada egitez. Baldin eta ugalkortasun-tasa, belaunaldi batek beste bat ordeztu dezan, 2,1ekoa bada 1.000 biztanleko, eta EAEkoa 1,3koa bada, garbi dago Orioko barraren aurrean, 1901. urtean arrantzatu zen balearen etorkizunaren parekoa dela gurea. Dena da eskubide, dena da gizarte-ongizate, dena da geure buruaren apetak asetzea… Hala ere, non dago gure-geure sakrifizioa? Zer dira umeak: gure etorkizun ala gure zama? “Guailoak” gara, beti botere publikoei egozten diegu txarto gertatzen denaren erantzukizuna. Eta non dago gure erantzukizuna? Euskaldun gisa gure aberriarekin dugun etorkizuneko konpromisoa?