Gaur zortzi genioen legez, “nik okerbideratu ahal badut herriaren gogoa, horrelaxe egingo dut. Hori ez da demokrazia”. Gauza bera esan dio Aitor Estebanek Alberto Núñez Feijoóri beste modu honetara: “Hautestontzietan irabazten ez dena ezin da kalean irabazi”. Eta horrelaxe doa Espainiako Erresumako bizimodua, eta, horren ondorioz, gurea ere bai… oraingoz horkoak garelako.
Behin baino gehiagotan esan dut egin daitekeenaren antzea dela politika. Bada, horren arabera, unean-unean euskal herrietako euskaldunontzat onena dena jadesteko borrokan iraun behar dugu. Jadetsi, ez topatu. Espainiarrek ez dute ezer ematen euren gogoz; atera behar zaie; berba betearazi behar zaie; espainiar guztiei betearazi behar zaie. Arlo horretan dihardudala, gomutara ekarri nahi dut Josep Pla idazle katalanari eratxiki zitzaion esaldi ospetsu hau: “Ez dago eskuineko espainiar baten gauza antzekoagorik ezkerreko espainiar bat baino”. Bestela esanda, David Bibliako judeguaren moduan, burua erabili behar dugu, ezen ez indarra. Goliat gu baino askozaz indartsuagoa delako. Horrexegatik diraugu bizirik.
Alde horretatik, espainiar eskuindar batzuen gainean, espainiar horien jardunbidearen gainean, kontu batzuk gomutarazi nahi ditut: espainiar horiek espainiarra izateko ulertzen duten moduan bakarrik izan daiteke espainiarra; espainiarrok bizi izateko ulertzen duten modua da bakarra espainiar gisa bizi izateko; norberak jarduteko modu jakin bat da; norberaren alde barik norberaren iritziaz bestelakoen aurkakoa izateko modu bat da; inori edozein astakeria esateko modu bat da; inoren aurka milioi bat lagun hildako dakartzan gudu bat antolatzeko modu bat da; geroenean, norberaren gogaidea ez den edonor hiltzeko modu bat da. Ezin dugu ahaztu hain lekutan zertzuk antolatu dituzten azken egunotan haiei gustatu ez zaien bozka demokratikoa galarazteko. Austria-monarkiaren mendean egoera bestelakoa zen. Ezin dugu ahaztu. Gelditu trena, jaitsiko naiz eta!!