Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Gotzon Lobera

Winston Churchill gogoan

Gaur egun, kontu harrigarriak ikusten gabiltza Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroako Foru Komunitatean. Hori ez ezik, esan behar dugu kontu horiek ez direla Pirinioez behealdeko euskal herrietan sortu, ezpada espainiar eta kataluniar herrietan. Hala ere, kontu horiek ez dira gureak bakarrik. Izan ere, horrelakoetan gogoan hartu behar dugu izan direla gu baino lehenagokoak, izan direla euskaldunon katean gu katebegi bat garen bezalakoak, izan direla katebegien sorburuaren mailetako bat, eta, gu ere kate horren hartzaile eta segida garela.

Orduan, Winston Churchillekin gomutatu naiz; gogoratu naiz mundu-gudu bat (1939-1945) mozkortuta irabazi zuela. Winston Churchillek, egun guztietan goizetik gauera mozkortuta zegoela, gudua irabazi zion Adolf Hitlerri (hori ere egunean baino egunean drogatuago egoten zen), baina txokorrak erretzen eta egundoko tragoak edaten irabazi zuen Churchillek, haren herrialdean demokrazia erabat sustraituta zegoelako. Ostera, Hitlerrek bere buruan sortutako herri germaniko ideal hori bakarrik zuen gogoan… eta geroago eta bakarrago zegoen. Churchill mozkortiak, ostera, denak hartzen zituen babespean. Horrelako batean esan zuen britainiar gobernuko presidenteak: “Demokrazia da nik ezagutzen ditudan gobernu-modu txarrenetatik onena”.

Churchillen esaera gogoan hartuta, neure buruari itauntzen diot ea zein arazo demokratiko daukan inork, Pedro Sánchezek eta Carles Puigdemontek jadetsi duten akordio politikoaz. Logika demokratikoaren arabera, Espainiako Gobernuko presidenteak hartu duen erabakia egokia ez bazait, hurrengo bozketan kendu egin diot eman diodan konfiantza: horixe da demokrazia. Demokrazia ez da hau: nik daukadan aginte informatiboarekin eta nik erabil ditzakedan gainerako botereguneekin jendearen iritzia okertzea eta nahi dudan lekura bideratzea. Hauxe da demokraziaren aurkako ekintzarik bortitzena: nik okerbideratu ahal badut herriaren gogoa, horrelaxe egingo dut. Hori ez da demokrazia.