Josu Urrutikoetxeari egindako elkarrizketan oinarritzen den dokumentalak hautsak harrotu dituen honetan, sentsazioa dut gaur egun gero eta jende gutxiago dagoela iritzi ezberdina duen norbaiten argudioa entzuteko prest. Adituek aspaldi ohartarazi ziguten gure gizartean areagotuz doala iritzi ezberdina dutenen arteko isolamendua, inkomunikazioa. Sare sozialek zeresan handia dute honetan. Gure antzeko iritzia duten pertsonak jarraitzen ditugu, eta ondorioz, gu bezala pentsatzen ez duten pertsonen iritziak entzuteko gaitasuna galduz goaz poliki-poliki. Gustatzen ez zaiguna ez entzutera ohitu gara eta gero eta zailagoa egiten zaigu eztabaida lasai bat izatea gu bezala pentsatzen ez duen batekin. Bere argudioa bukatu baino lehen isilarazten dugu. Haserretu egiten gara. Jasanezina egiten zaigu.

Selfien garai honetan, edozer eztabaidatzeko ahalmena galtzen ari gara geure buruari begira bizi garelako inoiz baino gehiago, geure iritziei hauspoa emango dien pertsonekin elkartuz bakarrik. Aurrekoan ezagun batek auto-aipua erabili zuen nirekin izan zuen elkarrizketan. Aspaldi ez nuen auto-aipurik entzuten. Grazia egiten didate euren buruaren zitak botatzen dituztenak: Nik esaten dudan bezala… Hitz horiek entzuten ditudanean barregura ematen dit. Eta iruditzen zait gure garaian norberaren zilborrari begiratzeko dugun jarrera gero eta hedatuagoaren adierazle ezin hobea dela.

Niri asko gustatzen zaizkit aipuak. Egia da batzuek alarde intelektual gisa erabiltzen dituztela, baina niri iruditzen zait umiltasuna adierazteko modu bat ere izan daitekeela beste norbaitek esandakoa aipatzea. Bada modu bat onartzeko norbaitek jada pentsatu zuela zu orain esaten ari zaren hori. Ez duzula zuk mundua asmatu. Baina joan eta esaiozu hori auto-aipuak erabiltzen dituen horri. Esaiozu: Nik esaten dudan bezala… Lasai, ez dizu barre egingo zeure burua aipatzeagatik. Ziurrenez, zuk hitz egin bitartean, diozuna entzun beharrean, bere erantzuna pentsatzen egongo da.