BASOETAKO basa-bizitzaren artean murgilduta eta galduta ibili ostean, buelta hartu nuen baserri multzoraino. Tokia oso isila zen, inor biziko ez balitz bezala. Orduan ikusi nuen baserritar bikotea ortuan lanean, jo eta su. Edukaziozko diosala egin ostean ea ilarrak landatzen ari ziren, edota lekak ote ziren itaundu nien. Arin gerturatu zitzaizkidan biak berba egiteko gogotsu, eguneroko bakardadea uxatu nahian. Landatu eta jagon beharreko ortuariei errepaso egin ostean, lurra siku dagoela esan zidaten, total lehorturik, errekastoak ahuldurik eta apenas bustirik jaisten direla menditik, behinola berdetasuna zela nagusi inguru hartan, eta ez zutela jaki horiek ureztatzeko beharra sentitzen, zeruak ekartzen baitzuen deseaturiko euria, orain ez bezala.

“Dena aldatu da, erosten duzunak ez du zaporerik, horrexegatik etxeko ortukoak ematen digunarekin bizi gara, ia ezer erosi gabe, dena oso garesti baitago. Horrela ezin da.”

Batzuetan lan gogorra eta esker txarrekoa dena badakit, baina hein betean, akaso, enbidia sentitu nuen.

“Horrela ezin da” esaldia iltzaturik gelditu zitzaidan burmuinean. Eta hala ematen du.

Metropoliraino etorrita, Bilboko kaleetan ibiltzen direnek badakite zenbat manifestazio eta aldarrikapen konbokatzen diren astero, langile klasea eta enplegarritasuna egoera prekario larrian baitaude; guztiak kexaka, zaurgarritasun ia biolentoan itota. Horiei egin behar zaie jaramon, horiek dira eguneroko lanean ibiltzen direnak, egunero ere sufrikarioan bizi direnak, lana kolokan baitaukate.

Antzekoak ere entzun ditugu Maiatzaren Leheneko manifestazioetan; soldatak igotzea eta poltsikoa usteltzen dituzten prezioak jaitsi egin behar direla oihukatu zen mobilizazioetan. Irabaziak banatu egin beharko liratekeela, baina gizarte honek gorriak ikusten dituenarekin ez du inolako elkartasuna islatzen, eta are gutxiago makro-enpresa buruek, urtero irabazi lotsagarriak erakusten dituztenak.

Lurra lehor dago, dena garestituko da berriz, eta soldatek betiko ahuldadean jarraituko dute. Gizartea ere sikatzen ari da. Eta horrela ezin da.