Natalia Sanchez, Nekane Diaz eta Ane Legarretak Bizkaiko Foru Aldundiaren Zirgari saria jaso dute ESAS-en (Emakume Sortzaileen eta Artisten Sarea) bidez, emakumezko musikari erreferenteak ezagutarazteko lanean aritzeagatik.

Asko falta zaigu oraindik tronpa, tuba, perkusioa edo baxujole emakumezko gutxi zergatik ikusten diren galdetzean, erantzun inozoak entzuteari uzteko: perkusiorako indarra behar dela, tronpeta jotzeko birikak, edo tronparekin aritzeko ezpainak… Eta zer behar du emakume batek orkestra zuzendari izateko? Urte berri egunean Vienatik helarazi zitzaigun mezuaren arabera, ezagutza nahikoa. Erantzunak munduari bira eman zion. Inork ez baitzuen zalantzan jarri emakumezkoek Vienako urte berriko kontzertua (eta beste edozein) gidatzeko adinako ezagutzarik ez dutenik. Orduan, zer gertatzen da?

Behin, gizonezko orkestra zuzendari ospetsu bati entzun nion esaten, zuzendari izateko zer behar den. Bere hitzetan, profil oso aberatsa: musikaren historiaren ezagutza sakona, obrak menperatzea, hizkuntzak, psikologia, komunikazioa, orkestrako atal guztiak… baina, batez ere, autoritatea behar zela esan zuen. Aurreko guztiak ikasi ahal direla baina, azken hau, “daukazun edo ez daukazun zerbait” dela azpimarratu zuen. Hau da, gainontzekoek, musikariek eta entzuleek, zu errespetatzeko “handitasuna”.

Auctoritas terminoaren jatorria aztertuta, zuzenbide erromatarrean jasotzen dela dakusagu, eta gainerakoengandik nabarmentzen zituzten ezaugarri moral eta intelektualak zituzten pertsonei egokitzen zitzaiela; horrekin batera jasotzen da baita ere potestas terminoa, autoritatea zuten pertsonei gizarte zibilak aitortzen zien legitimitate gisa. Esan digutenagatik, autoritatea erakutsi eta agertu egin behar da. Gizonezkoek hala egiten dute. Besteen gainetik nabarmenduz edo nabarmentzen saiatuz. Eta inork ez du gailentzeko modu hori zalantzan jarri. Historia luzean hala egin baita, beti.

Orain, desikastea dagokigu, ordea. Autoritatea ez delako erakutsi edo agertu behar, bortxaz, eta “baielako”. Baizik eta potestas erabiliz, indarkeria eta zapalkeria, behin betirako, gaitzetsiz. l