Síguenos en redes sociales:

Zirrikituetatik begira

Ana Urkiza

Aldatzeko ordua

Ordua aldatu osteko astelehena dugu gaurkoa. Ordu aldaketaren eraginpean izango direnak badira eta igarri gabe pasatuko dutenak ere bai. Baina zertxobait beti aldatzen da. Goizean ordu bete lehenago hartuko gaitu argiak eta, iluntzean, ordu bete lehenago harrapatuko gauak. Aldaketa txikienek ere eragina dute guregan eta, sarri askotan, kostatu egiten zaigu hala dela aitortzea.

Aurreko astean lagun batekin bazkaltzeko aukera izan nuen. Gizonezkoa bera. Denbora luzea elkarrekin izan gabe ginela. Eta agur besarkada eman bezain laster, aurtengo uda gogorra egin zaiola esanez ireki zitzaidan. Sasoi onean egon arren, burua proiektuz beteta, bihotza maitasunez gainezka eta familia ezin hobeto, adinean aurrera zihoala esan zidan eta, halako batean, bere baitan zerbaitek klak egin ziola. Bizitzaren etapak erretzen zihoan sentsazioa egitate bilakatu zitzaiola. Kontu eman, alegia, ia-ia ukigarri egiteraino. Eta pisua sentitzen zuela. Eta bere pisuaz gain, gehitu zuen, emaztearena ere arindu beharra zeukala, aurre-menopausiaren atarian.

Arretaz entzun nuen laguna eta poztu ere egin nintzen. Ez bere pisuagatik. Nirea konpartitzeko lagun bat aurkitu nuela sentitzeagatik baizik. Bizitzak baditu geldiune aldi batzuk adinak edota bizitzan erretzen goazen etapa ezberdinek markatzen dituztenak, isilean pasatzen saiatzen garenak (portzierto). Adina dugulakoan etsai. Adinak markatzen dizkigun erritmoen galera lotsagarria bailitzan. Eta hori guztia, bakarrik pasatu beharrekoa delakoan.

Laguna, ostera, zintzotasun osoz aritu zitzaidan, inolako konplexurik gabe hustu, bere pisuaz gain, emaztearena ere gogoan hartuta.

Ordua aldatu osteko astelehena dugu gaurkoa. Aldaketa txikia izango zen batzuentzako, beste batzuek, ostera, egunak beharko dituzte egoera berrira egokitzeko. Garrantzitsua da, ordea, nozitzen ditugun aldaketen gainean kontzientzia hartzea. Bizitzaren ordain-saria baita. Eta artean lotsagarriak zirela iruditzen zitzaizkigun aldaketen aurrean ere, laguntza jasotzea eta laguntza eskaintzea dagokigula barneratzea. Bazen aldatzeko ordua!