ASTEOTAN bi heriotza berezi gerta zaizkigu. Gizona bat, Mijail Gorbachov, emakumea bestea, Isabel II.a. Zerikusik ez, jatorri, ideologi, testuinguru, ardura eta bilakaera ezberdinak. Historiaren piezak biak (zen-tzu denetan), lekuko eta subjektu zuzenak. Isabel II.a bere bizitzaren amaierara arte, garai historiko baten ikurra izan da, Gorbachov bezalaxe. Bata Errusian bestea Erresuma Batuan. Isabel II.a britainiar inperioaren azken dardara eta estertoreetan igo zen tronura, Afrikako azken koloniek eta Kanada, Australia, e.a. metropoliarekiko loturaren eraldaketa finkatu zutenean Commonwealth bidez. Gorbachov eta Elisabet II.a Gerra Hotza, Europar Batasunaren eraikuntza eta blokeen osteko eszenatokian partaide aktibo izan ziren. Erresuma Batuan instituzioaren sekularizazioari esker, britainiarrek Koroarekiko zuten kezkarik zorrotz eta erronkarik handieneko uneak gainditu ahal izan zituen herritarrekiko hurbiltasunarekin eta Errege Etxearen bizitzaren gardentasunarekin. Gardentasuna, glasnost, ere izan zen Gorbachoven ikurretako bat. Isabel II.ak bere pertsonaren inguruan sendotutako erakunde bat uzten du, baina (beti bainaren bat, baita ilustreen bizitzetan ere), ikustear errege familiaren jarrera ustez xenofoboarekin edo kohesio sinboliko hutseko mekanismo batera murriztearekin lotutako tentsioak bere ondorengoari helaraziko zaizkion. Oraingoz Koroa busti gabe, ur gainetik, flotatu da politika ingelesaren, Brexit-aren eta migrazio-politika polemikoen kontuetan, baita Ipar Irlandako krisia eta Eskoziaren aldarrikapen nazionalaren prozesua osatzen duten desafekzio irekiko fokuetan ere. Eta ez da txantxa jarrera hori alajaina! Isabel II.ak ez du inolako aginpiderik izan eztabaida horietako batean ere. Eta horregatik agian, agian diot, benetako aktibo bat izan da Erresuma Batua bera egonkortzeko. Ikustear ea Karlos printzearengan erronka horiek modu ordenatuan diren. Ikustear bai. Mijaíl eta Isabel II. Historia gordinaren lekuko izandakoak. Agur t’erdi bioi.