ASPALDI ikasi genuen energia ez dela desagertzen, soilik formaz aldatzen dela. Egungo eztabaidetako kontzeptu zein izenak, petrolioa, gasoleoa, elektrizitatea, beroa, gas naturala, ur jauziak, haize-errotak, eguzki-xaflak, etabarrak, energiaren aurpegiak baino ez dira. Iturriak deitzen ditugu eurotako gehienak, abian diren prozesu eta tresna teknologikoen laguntzaz erabilgarri diren beste energia-formen sortzaile ditugulako. Iturri batzuk ustiapen erraza dute eta horrexegatik ia bakarrak izan dira urte askotan energia-forma erabilgarriak lortzeko bidean. Baina erraztasunetik errazkeriara joan eta albokalte nabarmenak gertatu dira. Batzuk aipatzearren, kontsumoaen ugalpenak eragindako aire, ur eta lurzoruaren kutsadurak, energia-eraldaketen ziklo-etenak edota hondakin birziklagaitzen pilaketa erraldoiak dira ingurumenari astindu larria eragin dietenak. Gizateria osoa errotik ari da sufritzen bat bateko eurite eta lehorte izugarriak zein egun batetik besterako tenperatura aldaketak, beste gertakizun kaltegarriekin batera.

Honez gero bi gauza barneratu ditugu. Alde batetik, energia iturriak ez dira amaigabeak eta urjentea dugu kontsumoa jeistea. Beste aldetik, albokalteak etxeraino ailegatu direlarik, ezinbestekoa da energia iturriak eraldatzea gizaki, bizidun guztiok eta, oro har, ingurumenaren kalitatea berreskuratzen joateko.

Bi helburu hauek hirugarren osagai batekin uztartu behar dira, eraldaketa guztiek bezalaxe, honek ere transizioa berarekin baitu. Helburuak eta bidea batera kudeatu behar dira, egungo egoera abiagune dugula, zero puntuan ez baikaude. Horrek Euskadin esan nahi du Energia Ituna egitea, Europak ematen dituen parametroen baitan. Helburuak argi, transizioaren erro eta adarrak eskuartean eta eraldaketa-epeen ebaluazio adierazleak prest, epe laburrean galerak jasango dituzten gizarte eragileei kalteak leuntzeko bideak eraiki eta adosturiko urratsak zein epeak ebaluatzeko azpiegiturak eta tresnak behar ditugu. Hala bedi. l