KIROLARI tarte dezente handiagoa eskaini ahal diogu udan; oporrak xahutzeko denbora badugu, noski! Eguraldi onak gorpu-tzari astinaldiren bat emateko beta luzatzen du, eta alferkeriak jaten ez bagaitu, horra aterako gara goizean goiz korrikalditxoa egitera, edota bizikletarekin paseoa luzetxoago bat ematera.

Osasuntsuago sentitzen gara udan, eta oturuntzaren baten tentazioa izango badugu ere, nik uste dut jendeak aisialdia probesten duela kirola gehiagotan egiteko.

Nik hala egiten dut. Eguna luzea da eta goizean goiz bizikleta hartzen dut lagun koadrila batekin karreterari kilometroak jateko ideiarekin. Aldapan gora ere demaren bat sortzen da urdurienen artean, eta beti dago barreak egiteko zioren bat kirola egiten dugun bitartean.

Baina egunotan kotxearen barruan zoazenean ikusten ez dugun kontu negargarri batez ohartu naiz. Bide bazterrari beste begi batzuekin begiratu izan diot eta izutu egin naiz ikustean zenbat zarama dagoen areketan eta bide bazter horietan.

Gehien harritu nauena izan da plastikozko botila kantitate harrigarria dagoela botata bazter horietan. Tamaina eta bolumen guztietako plastikozko botilak. Nola zabaldu ahal da kotxeko leihatila, eta lasaitasun osoz, kanpoan dagoen mundu ezezagun horretara plastikozko botila bat jaurti? Sentitzen dut: ez dut ulertzen. Zure kotxetik kanpo dagoenak ez dauka garrantzirik? Plastiko hori berez desagertuko ote da zure bistatik desagerrarazten duzulako? Tamaina horretako zuhurtziagabekeria nork bere etxean egiten du? Kutsatzeko modu lotsagarriagorik ote dago? Benetan harriturik lotu naiz zerrikeria horren bolumenaz jabetu naizenean. Plastikozko botilekin batera, zerbeza latak edota freskagarrien latak dira gehien ikusten direnak. Azken tragoa ematen diote kotxearen barruan, eta hondakinak arekara botatzen dituzte lotsagabe horiek.

Tamalez, txirrindulariek ere errua izaten dute ba-tzuetan. Bazter horietan ere edateko gel energetikoen hondar asko ikusten dira. Ezin dituzte maillotetan gorde eta geroago etxean bota lasaitasun osoz? Ikusten ez dugun sastarra, bide bazterretan dago ezkutuan.